Gorputzak gara. Gorputzaren bitartez gaude harremanetan ingurunearekin. Gorputzaren bitartez sentitu, pentsatu eta borrokatzen dugu eta, era honetan, gure gorputza gerra zelai bihurtzen da. Etengabeko gerra honetan, gure zelaiak menperatzeko etsaiek egiten dituzten saiakerak ez dira gutxi…
5 egun baino ez dira pasa Troika gurean egon denetik, sistema bazapizti zapaltzailearen adierazlerik gorena, eredu sozioekonomikoa inposatu eta betikotzera etorri da. Bi buru dituen herensuge baten aurrean gaude: buru bat, kapitalismoa; bestea patriarkatua; ez dago bata bestea gabe, biak dira egun bizi dugun sistemaren oinarri. Bi buruak moztuta soilik libra gaitezke basapizti honengandik!
Lehen buruak, kapitalismoak, herensugea elikatzen du (obesidade morbidora ere heldu arte!) inguruko guztia (jendea, amalurra…) sostengurik gabe uztera iritsiz. Bankete horren bidegabezko banaketan, emakumeoi tokatzen zaigu pastelaren zatirik txikiena, herensugeak uste du gure territoria menperatu dezakeela estrategia horren bitartez
Aurrekoarengandik banaezina den herensugearen beste buruak, heteropatriarkatuak, gure bizitzaren esparru guztiak arautzen ditu: nola maitatu behar dugun, sexualitatea nola bizi behar dugun, gure gorputza nolakoa izan behar den, zer nolako jarrerak izan behar ditugun, gure sentimenduak zeintzuk izan behar diren… agintzen digu. Bere erreinuan kokatzen gaitu herensugeak, ezkutuko (edo ez hain ezkutukoa…?) zapalketa sistematiko bat onartzera behartzen.
Hau gutxi balitz, Urkullu edo Azkuna bezalako parasito ipurdi-zurrupatzaileek besoak zabalik hartzen dituzte gure etsaiak, beste behin ere agerian utziz herensugearen morroiak direla, ondorioz gure etsaiak eurak ere. Martxoaren 8an, hauek eta beste askok, “feminista” maskara jarriko dute, euren txaketen solapetan eta euren instituzioetako lehioetan puntu morea zintzilikatuz. Beste behin ere, euren burua zuritu nahiean, inoiz inora heltzen ez diren kanpaina mediatiko hutsalak jarriko dituzte martxan, izan ere, denok dakigu “berdin” ez dela inoiz “gehiago” izango (= es +) horretarako benetako urratsak ematen ez dituzten bitartean. Ez gaituzue engainatuko! Zuei ere kaña sartuko dizuegu gerra honetan!
Azkenaldian, gainera, herensugeak, indar erakustaldi baten bitartez, gure gorputzen inguruko erabakiak ere bere gain hartzen saiatzen dabil, abortoaren lege erreformaren inguruko politikak direla medio, gure erabakitzeko eskubideak urratu dituzte, guk erabaki horiek hartzeko gaitasunik edo zilegitasunik izango ez bagenu bezala.
Baina akabo, nahikoa da! Herensugea akatuko dugu!
Benetako iraultzaileak gerra zelaian behar ditugu, ez sare sozialetan edo diskurtso teoriko hutsetan. Horregatik, ZU, feminista zaren hori, borroka hontan beharrezkoa zaitugu! Etsai asko ditugu, baina baita bidelagun asko ere! Horregatik ezinbestekoa da guztion indarrak batu eta norabide berean tira egitea. Feminismoa dugu irabazteko! Egun guztiak borrokatzeko direlako, gure gerra zelaiaren jabe izan gaitezen, GORA BORROKA FEMINISTA!
PARE Deustuko talde feminista