Publikoarentzat ezagunak diren eremuak ekidin ditu. Probaleku, frontoi eta plazetatik urrutira jo du eta kirolariengana hurbildu da. “Haien ingurunean atera nahi izan dizkiet argazkiak, entrenatu ohi diren lekuan, euren eginbeharraren %70 bertan egiten baitute”. Dioenez, protagonistek kameraren aurrean “dena” eman dute. Arazo gabe, mugitu eta egokitu dira argazkilariaren esanetara. “Pentsa daitekeenaren kontra, pertsona oso ireki eta eskuzabalak dira. Kirol txikia denez, hobeto hartzen zaituzte”.
Humberto Bilbaok ez daki herri kirolek nora daramaten, ezta nora helduko diren bere argazkiak ere. “Zenbat eta gehiago murgildu geroz eta ideia gehiago bururatzen zaizkit, geroz eta jende gehiago ezagutzen dut eta geroz eta gauza gehiago ikasten ditut”, dio. Baliteke kirolari batzuengana bideratzea edota kirol espezialitate batzuetara edota esfortzuaren osteko erretratuak ateratzera. Gauza bat argia da, bere azken lana. Estropadak izeneko argazki-liburua laster argitaratuko du eta, baliteke, herri kirolen argazki-liburua hurrengoa izatea.