Datu ofizialen arabera EH Bildu bigarren indarra da Bilbon

uriola.eus 2014ko mai. 28a, 15:43

Koalizio ezkertiarrak jakitera eman duenez, Europako hauteskundeetako hasierako emaitzak oker zeuden eta alderdi popularrak baino, EH Bilduk lortu du bigarren indarra izatea Bilbon, 221 bozka gehiago lortu eta gero.

EH Bildutik jakinarazi dute, maiatzaren 25ean alderdiko ahaldunek egindako lanari esker argitu dutela Herriek Erabaki koalizioak hasiera batean zenbaturikoak baino 221 bozka gehiago jaso dituela Bilbon.

Gaur bertan bildu den Hauteskunde Batzordean aurkeztu dituzte halaxe erakusten duten dokumentuak, eta zenbaketan izaniko huts horiek zuzentzea eta Herriek Erabaki koalizioaren botoen zenbatekoa egokitzea ebatzi du batzorde horrek.

Gauzak horrela, bigarren indar politikoa da EH Bildu Bizkaiko hiriburuan, PPren aurretik. Ez hori bakarrik: oposizioko lehen indarra ere bada EH Bildu Bilbon, aipaturiko PP eta PSEri gaina hartuta. Eta horrek, "posizio indartsu batean kokatzen du koalizio soberanista datorren urteko udal hauteskundeei begira".

Hauteskunde Batzordeak gaur argitaratutako behin betiko Bilboko datuak

1. EAJ            36.563 boto

2. EH Bildu     17.629

3. PP              17.263

4. PSE            16.925

5. Ahal Dugu    8.440

6. IU               7.087

7. UPyD           4.837

8. Equo            2.352

 

[2014/05/27] PSOE eta PPk beherakada izan duten bitartean alderdi ertain-txikiek gora egin dute Bilboko auzo guztietan

[2014/05/26] Hauteskundeak Bilbon: EAJ nagusi, PP eta PSE-EEren beharakada nabaria

[2014/05/26] IBAIZABAL: Europako Hauteskundeak