Errepublika eta herrien erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko martxa bateratua gaur Bilbon

uriola.eus 2014ko eka. 19a, 10:14

Felipe VI.aren tronuratze egunean, "Monarkiari ez, hiritarrek erabaki" lelopean Bilboko Udaletxetik 20:00etan abiatuko den martxan parte hartzera deitu dute hainbat alderdi politiko eta gizarte eragilek eta 20:30ean "Gure euskal errepublika askea" aldarrikatzeko mosaikoa osatuko du EH Bilduk Uribitarte kaian.

 

Bilbotarrentzat "egun berezia" da gaurkoa, ekainaren 19a. "Zoritxarrekoa". Gaur, baina 1937an, uria "frankistek hartu zuten". 2014an, berriz, "errege berri bat ezarriko digute". Hitz hauekin aurkeztu zuten joan den asteartean Udaletxeko arabiar aretoan EH Bildu, Podemos, Ezker Anitza, Equo, Ezker Batuako ordezkariek gaurko martxa.

"Hiritarrek eta Estatuko herriek prozesu demokratikoa" aldarrikatzeko hitzordu gisa aurkeztu dute hitzordua. "Anitz eta bateratu" izaera izan nahi du, eta 20:00etan abiatuko da Udaletxetik "Monarkiari ez, hiritarrek erabaki" lelopean. Martxak, Arriaga plazatik pasatzean, bat egingo du Frankismoko Krimenen Aurkako Kereila Argentinarreko Euskal Plataformarekin. Pasakeran, martxak agurtu egingo ditu plataformako kideak. Amaieran, emakume batzuk irakurriko dute manifestua.

Deialdiarekin bat egin duten eragileak: EH Bildu, Ezker Anitza-IU, Podemos, Equo, Iratzarri-EKI, Alternativa Republicana, Antikapitalistak, Circulo Republicano, Colectivo Republicano de Euskal Herria, Gazte Komunistak, GKB, Goldatu, Ikasle Ekintza eta URE Orduña.

Mosaikoa

Euskal Herriko udaletxe guztien parean, "Geurea euskal errepublika askea" lelopean mosaikoak eratuko ditu gaur EH Bildu koalizioak. Bilbon, 20:30ean jarri dute hitzordua Uribitarteko kaian, udaletxe aurrean.

Errepublikaren aldeko mozioa Udalbatzerreko Osoko Bilkuran

EHBildu, Podemos–Ahal dugu, Ezker Anitza, Equo eta Ezker Batua talde politikoek eskatuko dute ekainaren 26ko Osoko Bilkurak erregimen errepublikar baten aldeko hautua egiten dezala, zeinetan Estatu burua herritarren borondatez aukeratuko den. Honetaz gain, prozesu konstituziogile bat eratzeko deia luzatzen dute. Joan den astearteko agerraldian alderdi hauek azpimarratu dute aipatutako prozesuak izaera demokratikoa eta parte-hartzailea izan beharko duela, herritarrek hitza izan beharko dutela hasieratik bukaeraraino eta, gutxienez, herriek duten erabakitzeko eskubidea aitortu zein erabakitakoa errespetatzeko bermeak izan beharko dituela.

David Lopategi, EHBilduko zinegotziak adierazi du Juan Carlos Borboikoaren Abdikazioa, “Frankismotik eratorritako eredu politiko-instituzionalaren krisi sakonean beste urrats bat gehiago izan dela. Gaur da eguna noiz Frankok utzitako “lotuta eta ondo lotuta”-ko Estatu ereduak demokrazia eza, herrien ukazioa eta diktadura frankistarekiko haustura demokratiko eza ordezkatzen ditu”.

Azken urte hauetan izandako mobilizazio jendetsuek "argi utzi dute" Lopategiren esanetan aipatutako eredu politikoa ez dela gai izan "Espainiako estatuaren menpeko herrien zein Estatuko herritarren aldarrikapen demokratikoak geldiarazteko. Atzeraezinezko prozesuak ari dira eraikitzen. Herriak, herritarrak eta eskubide demokratikoak protagonista diren prozesuak hain zuzen ere. Bitartean, eredu politiko-instituzional honen krisiaren adierazle argia da, PP eta PSOEk, eta ordezkatu duten bipartidismoaren zilegitasun eta sinesgarritasun krisia”.

Lopategik testuinguru horretan kokatu du Juan Carlos Borboikoaren abdikazioa. “Eta abdikazioaren aurrean, benetako haustura demokratikoa emateko unea da. Herrien eta herritarren eskubideak gauzatu ahal izateko”.

 

[2014-06-17] Monarkiaren aurkako martxa bateratua antolatu dute Bilbon ostegunean

[2014-06-12] Errepublikazaleek udaletxeko eskailerak hartu dituzte

[2014-06-11] Beste behin errepublikaren aldeko aldarria kalera aterako dute

[2014-06-06] Errepublika aldarrikatzeko hitzordu berriak

[2014-06-03] Plaza bete errepublikazale