Bilbo mailako manifestazioa egingo dute gaur gazte grebalariei babesa emateko

uriola.eus 2014ko eka. 25a, 14:10

Grebalariak aske! plataformak manifestazioa deitu du gaur, 19:30ean, Jesusen Bihotzetik abiatuta, Urtzi Martinez eta Jon Telletxea gazte grebalariei elkartasuna adierazteko. Bilbotar orori, hitzorduarekin bat egiteko deia luzatu diote.

Bi gazteek 2012ko martxoaren 29ko greba orokorrean pintadak egiteagatik 15 hilabeteko espetxe zigorrari aurre egin beharko diote; desordena publikoa egitea egotzita.

Babesak

Urtzi Martinez eta Jon Telletxeak musikari eta talde askoren "babes osoa" jaso dute. "Injustizia honi aurre egiteko borrokan jarraituko dugu", adierazi dute, besteak beste, Fermin Muguruza, Esne Beltza, Gose, Hesian, La Hora del Primate, Izerdi Gorria, Siroka, Bongo Botrako, Habeas Corpus, Lisker, 121 Crew, Itziarren Semeak, Hazte Caso Primo, Kop, Matxura, Estricalla, Penadas por la Ley, Los Zopilotes Txirriaus eta Los Chikos del Maizek.

Ugariak izan dira azken egunotan Urtzi Martinez eta Jon Telletxeak jasotako espetxe zigorraren aurkako ekintzak. Atzo esaterako, "Grebalariak aske" dioen pankarta eskegi zuten Salbe zubitik. Joan den ostegunean Arangoiti auzoko Egileor plazan elkarretaratzea burutu zuten hainbat auzotarrek eta, joan den asteartean, ekimen ikusgarria egin zuten plaza Eliptikoan. Hainbat pertsona bi autobusetara igo, gazteen askatasuna galdegiten zuten pankartak atera eta bengalak piztu zituzten.


Bilbo mailako manifestazioa
Gaur, ekainak 25, Bilbo mailako ekintza izango da. 19:30ean abiatuko da manifestazioa Jesusen Bihotzetik plaza Biribileraino.

 

[2014/06/13] Espetxe zigorra jaso duten bi grebalariei elkartasun agertzeko manifestazioa deitu dute

[2014/06/16] Grebalariak Aske! plataformak gaur emango ditu hurrengo mobilizazioen xehetasunak

[2014/06/17] "Herri baten eskubideen defentsan kaleak hartzeagatik kartzela zigorrari aurre egin beharko diote Urtzi eta Tellek"

[2014/06/18] Deustuko bi grebalariak espetxeratu ez ditzaten ekimen ikusgarria egin dute plaza Eliptikoan