Munduko 14 jauzilari onenak Salbe zubitik saltoka

uriola.eus 2014ko uzt. 22a, 12:19

Red Bull Cliff Diving ekitaldiaren egoitza izango da Bilbo beste sei hirirekin batera. Irailaren 20an, 27 metroko garaiera duen Salbe zubitik mundu mailako jauzilari onenek salto egingo dute.

Munduko jauzilarien Red Bull Cliff Diving lehiaketa ikusgarria lehen aldiz euskal lurretara iritsiko da, Bilboko itsasadarrera, hain zuzen ere. Red Bull Cliff Diving ekimenak ezohiko lekuak bisitatu ondoren, tartean Txileko Pazko uhartea, Mexikoko zenoteak edota Andamaneko itsasoko ur turkesak, Thailandian, irailaren 20an Bilbo izango du helmuga. Red Bull Cliff Diving World Series Bilboko bihotzera helduko da, Guggenheim museoak osatzen duen marko paregabera; handik, munduko jauzilari onenen artetik hamalauk Salbeko zubitik salto egingo dute, 27 metroko altueran kokatuko den plataforma batetik, grabitateari desafio eginez, mutu uzten duten maniobra konplexuak eginez eta 85 km orduko abiadurara helduz.

Gaur goizean Turismo Bulegoko atarian aurkeztu dute Red Bull Cliff Diving ekimena. Bertan parte hartu dute Nora Sarasolak, Bilbao Ekintzako zuzendari nagusiak; Orlando Duquek, Red Bull altuera handiko jauziko munduko lehen txapelduna eta bi record Guiness duenak; eta Bernhard Kletzmair, Red Bull Espainiako zuzendari nagusiak. 

Red Bull Cliff Diving ekimeneko lehenengo proba duela hamazazpi urte egin zen. Hastapenetan lehiaketa isolatu bat bazen ere, duela sei denboraldi munduko serie bihurtu zen eta harrezkero lau kontinentetako 19 herrialdetan 35 geldialdi egin ditu, kirol modalitatea profesionalizatuz; horren haritik, modalitatea iaz Bartzelonan jokatutako Munduko Igeriketa Txapelketaren parte ere izan zen. 

Hamalau jauzilari horien artean serieak dituzten hiru irabazle bakarrak daude: batetik, Orlando Duque kolonbiarra, 2013. urtean Munduko Igeriketa Txapelketako irabazlea izan zena Bartzelonan, altuera handiko jauzien kategorian. Bestetik, Artem Silchenko errusiarra, munduko serie txapelduna 2013. urtean, eta, azkenik, Gary Hunt ingelesa, serien irabazlea 2010., 2011. eta 2012. urteetan eta aurtengo munduko serien liderra; dagoeneko jokatutako lau zitetan ere irabazle egokitu da.

Altuera olinpikoa (10 metro) ia hirukoizten duen altueratik salto egiteko akrobazia perfektuak egin behar dira. Jauzilariek hiru segundo baino ez dituzte behar uretara heltzeko, eta, besteak beste, 119 jauzi desberdin, abiatzeko 5 posizio, 9 posizio talde eta 5 posizioren artean aukeratu behar dute (karpatua, uzkurtuta, artez...).

[2014/07/21] Munduko 14 jauzilari onenak Salbe zubitik saltoka