Espainiko Auzitegi Nazionalak erakunde terroristarekin kolaboratzea edo parte hartzea egotzita, hogei lagun zigortu ditu espetxera, herriko tabernen bidez ETA finantzatu zutelakoan. Tartean dira Batasunako zortzi mahaikide -Karmelo Landa bilbotarra horietako bat-, eta zigor gogorrenak horientzat ezarri dituzte epaileek.
'Herrikoetako' arduradunen artean, berriz, hamabi zigortu dituzte -tartean Otxarkoagako Jon Martinez, Indautxuko Patxi Bengoa eta Ruben de Andres- eta hamalau absolbitu dituzte. Absolbitetako bat da Sabin del Bado bilbotarra.
Auzitegi Nazionalak epaia auzipetu guztiei jakinarazi beharko die orain banan bana. Eta azken jakinarazpena egiten denetik bost egun izango ditu defentsak helegitea aurkezteko. Helegite horren tramitazioak urtebete eman dezake.
Clara Bayarri epaileak, ordea, boto partikularra eman du, auzipetu guztiak absobitu behar zirela azalduz.
Defentsarentzat ezker abertzalea kaltetzeko bilatutako neurria izan daiteke hori. Izan ere, espetxe zigorrez gain, Auzitegi Nazionalak 111 herriko taberna konfiskatzeko agindu du, eta horien jabetza estatuarena izatera pasako da.
Epaia betetzen denean, Gorenak helegitea aintzat hartzen ez badu, 111 lokal horien jabetza galduko du ezker abertzaleak, eta horrekin herri eta auzo askotan biltokirik gabe geratuko da.
Bilbon hamar herriko tabernari eragiten die epaiak
Euskal Herriko 111 herriko taberna eta elkarte konfiskaturen artean daude Bilboko hamar. Meatza-Abusu, Errondabide-Alde Zaharra, Goizalde-Bilbo Zaharra, Goiko Alde-Deustu, Kirruli-Indautxu, Artagan-Santutxu, Uribarri elkartea, Zohardia-Errekalde eta Askabide-Zorrotza, alegia. Hamargarrena Altamira auzoko Txalaparta elkartea da, "aspaldi itxita" dagoena.
Protestaldiak gaur
"Aski da! Konponbideari erasorik ez!" goiburupean elkarretaratzeak deitu dituzte gaur iluntzean hainbat herri eta auzoetan.
Santutxun 20:00etan herriko tabernaren aurrean, Alde Zaharrean 20:00etan Errondabide tabernaren aurrean, Bilbo Zaharreko herrikon 20:30ean, Errekaldeko herrikon 20:30ean, Zorrotzan 20:30ean Askabide Kultur Elkartean, Uribarriko herrikon 20:30ean, Deustun 20:30ean San Pedro plazan eta ordu berean Indautxuko Kirruli elkartearen parean.
Prentsaurrea bihar
Bihar, uztailak 31 osteguna, 11:30ean, Donostiako San Sebastian hotelean, 35/02 sumarioan epaitu eta zigortuek prentsaurrekoa eskainiko dute.
Elkarretatzeak larunbatean
Abuztuaren 2an, berriz, "Aski da! Auzi politikorik ez!" lelopean, Hego Euskal Herriko lau probintzietan elkarretaratzeak deitu ditu Sortuk. Bizkaiko deialdia Bilbon izango da, Arriagan plazan, 12:30ean.
[2014/03/20] Karmelo Landa: Herriko Tabernen auziaren amaieran, 8 ondorio
[2014/03/12] Bilboko Herriko Tabernei babesa helarazteko elkarretaratzeak gaur