Ordutegi mugagabea izango dute Bilboko hiru gunetako saltokiek bi hilabetez

uriola.eus 2015ko uzt. 1a, 10:30

Alde Zaharra, Abando-Indautxu-Garellano eta Deustu dira Eusko Jaurlaritzaren arabera Bilbo hirian "turismo joera handiko eremuak" eta hortaz eremu horietan kokatuta dauden saltokiek ordutegia nahi bezala egokitu ahalko dute gaurtik, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra. Neurriak eztabaida sortu du ordutegien liberalizazioa aspalditik denen ahotan egon den gaia baita. Merkatari eta kontsumitzaileek jaiegunetan dendak zabaltzea beharrezkoa ez dela pentsatzen dute eta erakundeek berriz merkatarien esku uzten dute zabaltzeko duten eskubidea, baina garrantzitsutzat jotzen dute -Bilboko Udalaren kasua- bisitan datozen turistei zerbitzua ematea, alegia.

Espainiako Gobernuaren hazkunde eta sustapen plana mugatu zuen azaroan Eusko Jaurlaritzak, Bilbo hiriari dagokionean. Horren arabera, ordutegien liberalizazioak ez dio Bilbo osoari eragingo, hiru gunetara mugatuko da, eta udako bi hiletan baino ez da ezarriko, uztailean eta abuztuan.

Merkataritzaren "erabateko liberalizazio ekidin dugu" adierazi zuen Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuak Gasteizen, azaroan, neurria adostu ostean. Izan ere, Espainiako Gobernuaren plana 2015ean 365 egunetan ordutegiak mugagabe ezartzea baitzen 100.000 biztanle baino gehiago dituzten eta urtean 600.000 ostatu gau baino gehiago dituzten Espainiako hirietan.

Bilboko Udalak babestu egin zuen orduan Eusko Jaurlaritzaren neurria. Besteak beste, Udala izan zen Alde Zaharra, Abando-Indautxu-Garellano eta Deustu guneak "turismo joera handiko eremu" bezala hautatu zituena eta Jaurlaritzari hiru gune horien proposamena helarazi ziena. Beraz, ontzat jo zuen ebazpena.

Iñaki Azkunak zein Ibon Areso alkate ohiek gogor salatu zuten igande eta jaiegunetan dendak itxita mantentzeko sindikatu eta merkatariek erakutsitako jarrera. EAEko legeak urtean zortzi jaiegunetan dendak zabaltzeko baimena ematen duen arren, Bilbon oso gutxi dira, bakar batzuk baino ez, euren ateak egun "gorrietan" zabaldu dituzten saltokiak.

Beste alde batetik, merkatari, sindikatu eta kontsumitzaileak maiz agertu dira bat eginik denden ordutegien liberalizazioaren aurka. Hainbat argudio plazaratu dituzte: langileen atsedenerako eskubidea urratzen dela, kontsumitzaileek eskatzen ez duten neurria dela eta hortaz kontsumoa sustatzeko baliagarria ez dela eta, azkenik, neurriak enpresa handiei mesede egiteko baino balio ez duela.

 

[2014/09/03] EHBilduk EAJri eskatu dio merkatu txikia jazartzeari uzteko

[2014/09/02] LAB: Igande eta jaiegunetan, merkataritzan jai!

[2014/07/28] Decathlonek ez du zabaldu Bilboko denda

[2014/07/18] Giza kateak antolatu dituzte gaur Decathlonek jaiegunetan dendak irekitzeko duen asmoa salatzeko