Bilbon behargin bat lanean hiltzen den aldiro elkarretaratzea egitea adostu dute

uriola.eus 2014ko ira. 3a, 14:20

Argazkia: EH Bildu-Bilbo

Bilboko Udalbatzarrak lehen aldiz burutu du elkarretaratze instituzional bat lanean hil den behargin baten omenez. Gaur eguerdian izan da udaletxeko eskalinatan elkarretaratzea eta Udaleko alderdi guztiek beste horrenbeste egitea erabaki dute laneko heriotz istripuen "gaitza" bukatu bitartean. LAB sindikatuak erabakia "baikortzat" jo duen arren, neurri gehiago eskatu dizkio Udalari.

Genero indarkeria kasuekin bezala, laneko heriotz istripuekin ere elkarretaratzeko deia egingo du Bilboko Udalak aurrerantzean. Ibon Areso hiriko alkateak alderdi guztien arteko akordio horren berri eman du gaur eguerdiko agerraldi instituzional "aitzindaria" bukatu ostean. "Gaitz" bezala deskribatu ditu laneko heriotz istripuak, eta erantzukizuna eskatu die "denei", hiritarrei, sindikatuei, enpresariei eta erakundeei "kasu hauek duten garrantziaz ohar daitezen".

LAB sindikatuak "baikortzat" jo du Udaletik "lehen aldiz zerbait planteatzea, udaletxeko obretan gertaturiko istripuetan ere (udaletxeko anpliazio lanetan gertaturiko istripu mortala kasu) ez baita aurrerapausorik eman". LABek "pauso bat haratago" emateko eskatu die Udaleko ordezkariei. "Alde batetik abian diren lanen jarraipena egiteko mekanismoak inplementatuz eta bestetik klausula sozialak ezarriz eta enpleguaren kalitatea bermatuz, Bilboko Udala atzean dagoen obretan aurrerapausoak eman daitezen". [LAB sindikatuaren oharra]

Lehen elkarretaratzea

Udaleko zinegotziek zein politika arloko ordezkariek bat egin dute udaletxeko eskalinatan gaur eguerdian Udalbatzak aho batez eginiko deialdiai erantzunez. Aurrez aurre hiritarrak kontzentratu dira.

Joan den astelehenean lan istripuan hil zen 49 urteko Juan Jose Bodegueroren familiartekoei, lankideei eta adiskideei elkartasuna agertu die Bilboko Udalbatzak atzo argitaratutako komunikatuaren bidez.

Dokumentu horretan Osalani eskari zuzena luzatu dio Udalbatzak: gertatutako argitzeko "bitarteko guztiak jar ditzala" eta, beharrezkoa balitz, "bide judizialera" jotzeko. Era berean, Udabaltzaren ustez "ezinbestekoa da" langileen osasuna eta segurtasuna babesteko "neurri guztiak bermatzea", eta enpresei eta administrazioko eragile guztiei "inplikazio handiagoa" exijitzea.

 

[2014/09/02] Lan esparruko azken heriotzaren erantzule azpikontratazioa dela diote aho batez sindikatuek

[2014/09/02] Sindikatuek bi elkarretaratze deitu dituzte Arangoitiko lan istripua salatzeko

[2014/09/01] Behargin bat hil da Arangoitin lan istripu batean