Ostiralean atera ziren Bilbotik Jone Artola, bere bikotekidea eta bere semea, Castellon II espetxera bidean, Euskal Herritik 590 kilometrora dagoen espetxera hain zuzen, Etxeratek azaldu duenez.
Larunbatean, Ugaitz Perez presoarekin bisita izan ondoren, bueltan zetozela, istripua izan zuten Tuteran. Beste ibilgailu bat errepidetik atera eta haien errailean irauli zen. Hiru senideen kotxeak ezin izan zuen iraulitako autoa ekidin eta kolpea izan zuten. Ibilgailu horretan zihoan 31 urteko emakumea zendu zen.
Artolaren bikoteak eta semeak, lehiotik irtetea lortu zuten baina Jone kotxetik irten ezinik geratu zela azaldu du euskal errepresaliatu politikoen senide eta lagunen elkarteak, eta gerora, atzeko lehiotik atera ahal izan zuten. Tuterako ospitalera anbulantzian eraman zuten eta atzo gauean, aldiz, Basurtura ekarri; 02:30aldera heldu da. Bere bikoteari eta semeari alta eman diete Basurtun.
Etxeratek salatu duenez, "dispertsioa indarrean dagoenetik Jone eta bere senitartekoak, astebururo errepidean egotera derrigortu dituzte beste milaka lagunekin batera", eta gertatutako istripua dispertsioaren "ondorio zuzena" dela argi daukate. Asteburukoa "2014ko istripurik larriena" izateaz gain, urteko bederatzigarren istripua izan da; eta elkarteak argi dauka "espetxe politika honek senideak erailtzen dituela".
Jone Artola ospitalean egonda, "dispertsioaren kontrako jarrera irmo, zehatza eta azkarra" exijitu diote arduradun politiko eta instituzional guztiei. Bihar, prentsaurrekoa emango du Etxeratek 12:00etan Arriagako plazan eta bertan, egingo diren mobilizazioen berri emango da.
Sarek egindako adierazpenak
"Dispertsioak senideei gehitutako zigorra bikoitza dela" diote Saretik eta azken 25 urte hauetan "sistematikoki bi gobernuek ezarri duten dispertsio politika honekin, berandu baino lehen, amaitu beharra" dagoela. Euskal jendarteak ez duela dispertsioak eragindako istripu gehiagoren berri izan nahi mahaigaineratu dute eta "dispertsioak suposatzen duen giza eskubideen urraketekin amaitzeko nahi argia" dela.
Udaletik ere babesa jaso du Artolak
Ibone Bengoetxea eta Aitziber Ibaibarriagak, EAJ eta Bilduko zinegotziek, ohar amankomun batean, haien "kezka" agertu dute Jone Artolak izandako istripuagatik. Aldi berean, "edozein Zuzenbide Estatu Demokratikori dagokion giza-eskubideekiko begirune zorrotzarekin bat eginik, indarreko legea betetzeko benetako pausoak eman daitezela" eskatu nahi dute, eta horren haritik, "euskal preso guztiak euskal kartzeletara hurbil ditzala" eskatu diote Espetxe Erakundeari, "oraingo egoerak zigor erantsia ekar ez diezaien, ez haiei ezta haien senideei ere".