Miribilla betetzeko deia zabaldu du Sarek

uriola.eus 2014ko ira. 19a, 12:14

Bihar, irailak 20, Sare Herritarrak dispertsioaren aurkako eta errepresaliatu politikoen giza eskubideen aldeko ekitaldia egingo du 18:00etan, Bilbao Arenan. Alde Zaharrean eta Bilbo Zaharrean ekimen bereziak egongo dira egun osoan zehar.

Irailaren 12an, Sarek egindako agerraldian, "errezeta zaharrek ez dutela garai berrietarako balio" azpimarratu zuten eta ondorioz, garai berri honen aurrean "beste neurri eta jarrera batzuk beharrezkoak direla". Honen aurrean, bihar, sakabanaketarekin bukatzea exijituko dute Bilbao Arenan eta herritarrei bertara gerturatzeko deia luzatu diete.

Hitzorduak hainbat atxikimendu jaso ditu. Besteak beste, Jone Artolak, aurreko asteburuan bere senideekin batera semeari bisita egitetik zetorrela kotxe istripua izan zuen bilbotarrak, larunbateko ekitaldira joateko beharra azpimarratu zuen; baita Etxerat Elktarteak ere.

Auzoetako ekintzak

Arratsaldeko 18:00etako hitzordua baino lehen, auzoetan egitasmoak egongo dira. Alde Zaharreko Errondabi Kultur Elkartean indaba jana egongo da eguerdian. Bilbo Zaharrean aldiz, goizeko 11:30etatik eguerdira artea, umeentzako jolasak prestatu dituzte. Ondoren, eguerdian, umeentzako bazkaria eta nagusientzako parrillada egongo da; eta 17:00etan, auzoko argazkia, bertsolariak eta trikitixaren txanda izango da. 18:00etako ekitaldia eta gero, musikarekin jai giroa nagusituko da Bilbo Zaharrean eta sorpresak egongo direla aurreratu dute bertako lagunek.

[2014/09/12] Irailaren 20ko ekitaldia jendetsua izango dela aurreikusi du Sarek