Ordutegien liberalizazioaren aurka elkarreratzea egingo dute sindikatuek udaletxean

uriola.eus 2014ko ira. 24a, 12:15

Udalbatzarreko Osoko Bilkurarekin bat, eta bilkuran merkataritzako ordutegiaren inguruko hainbat mozio aztertuko direla eta, UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek protestaldia deitu dute bihar udaletxeko eskaileretan.

"Udalbatzaren gehiengoa merkatal-ordutegiaren liberalizazioaren aldekoa da", sindikatuen iritziz. "Ohiko jarrera" horri aurre egiteko deitu dute bihar 11:00etan egitekoak diren elkarretaratzea.

Igande eta jaiegunetan dendak zabaltzeko neurriak "ondorio kaltegarriak" ekarriko dituela adierazi dute UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek eta, lan eta gizarte ikuspegitik, "gezurretan oinarritzen" den erabakia dela. Ordutegia zabaltzeak ez du kontsumoa indartuko, "kontsumoa egunez eta dendaz aldatzea baino ez du eragingo". Sindikatuen arabera lanpostuak ez dira sortuko, "suntsitu baizik" eta, gainera, merkatal gune handietan "lan prekarioa" sustatuko da.

Arduratuta daude sindikatuak ordutegien liberalizazioak merkataritza bezalako sektorean izango duen eraginagatik. Emakumeak nagusi diren sektorea izaki, "ia ezinezkoa izango da lana eta familia bateratzea igandetan zabalduz gero". Horrelako neurriekin lan eskubideak "urratzen" dira eta langileen osasuna "kaltetzen da".

Sindikatuek biharko protestaldian gogoraraziko dute "ez merkatariek ez kontsumitzaileek" ez dutela ordutegiaren malgutzea eskatu, egun indarrean dagoen ordutegia "behar beste zabala" dela pentsatzen baitute.

 

[2014/09/03] Ordutegi mugagabea izango dute Bilboko hiru gunek 2015eko uztail-abuztuan

[2014/09/03] EHBilduk EAJri eskatu dio merkatu txikia jazartzeari uzteko

[2014/09/02] LAB: Igande eta jaiegunetan, merkataritzan jai!

[2014/07/28] Decathlonek ez du zabaldu Bilboko denda

[2014/07/18] Giza kateak antolatu dituzte gaur Decathlonek jaiegunetan dendak irekitzeko duen asmoa salatzeko