2015eko aurrekontuak negoziatzeko eta adosteko prest agertu zen Areso alkatea Aurrekontu Proiektua aurkeztu zuenean, nahiz ez duen oposizioaren babes beharrik, onartuak izateko beharrezko den gehiengoaren jabe baita EAJ.
Negoziatzen egunak eman ostean, udal gobernuko Andoni Aldekoa eta Marta Ajuriak eta Alfonso Gil sozialistak akordioa adostu dute. Hortaz, EAJ eta PSEren arteko iazko akordioa berretsiko da, eta lau zinegotzi sozialistak 2015eko aurrekontua bozkatzerakoan abstenitu egingo dira.
Horrela, sozialistek aurkeztutako bi milioi euroko emendakinak islatuko dira 2015eko aurrekontuetan. Hain zuzen ere, udal eraikinak birgaitzeko planera eta langabe bilbotarrak birgaitze lanetarako kontratatzera bideratuko da kopuru hori. Besteak beste, Ramon y Cajal ikastetxea, Arangoitiko merkatua edota Zorrotzako adinekoen etxea birgaitzera. Otxarkoagan, Txotena kalean, igogailu baten ezarpena ere adostu dute sozialista eta jeltzaleek.
Alderdi popularrak, azken unean adierazi duenez, 2015eko aurrekontua bozkatzean abstenitu egingo da.
EHBilduk 146 emendakin partzial aurkeztu dizkio udal aurrekontu proiektuari, 46 milioi euroko balioarekin. Eztabaidan bederatzi zuzenketa adostu ditu EAJrekin. "Horri esker 210.000 euro gehiago egongo dira", besteak beste, 57. Bilbobus linea (Miribilla-Ospitala) larunbat eta jaiegunetan egoteko, Gizarte Zerbitzuen gida osatu eta jendarteratzeko, auzoetako jaietarako laguntzak biderkatzeko, bizikletaren erabileraz kontzientzatzeko plana egiteko, euskara sustatzeko, auzo elkarteak babesteko laguntzak bikoizteko edota memoria historikoa lantzeko.
Kaleratzeak
Bilboko langabetuen batzarra udaletxera joan da bere proposamenak Udalbatzan aurkezteko. Batzuk kanpoa, eskaileretan geratu diren bitartean, beste batzuk, barrura sartu dira. Langabeen elkarteko bospasei kide Udalbatzarrean hitza hartzen ahalegindu direnean udaltzainek aretotik kaleratu dituzte. EH Bilduko Aitziber Ibaibarriagak Areso alkateari eskatu dio langabeei hitza eman diezaien, baina alkateak ez du eskaria onartu. "Onartezina da hiritarrei hitz egin ez uztea Udalbatzarretan, eta bultzaka ateratzea", esan du Ibaibarriagak.
2015eko aurrekontua
Ibon Areso alkateak urriaren 20ko agerraldian aurkeztu zuen Bilboko Udalaren 2015eko Aurrekontuen Proiektua. 2014koa baino "apur bat" baxuagoa. Aresoren arabera baldintza "bikainetan" jasoko du Udala 2015eko udal hauteskundeen ostean osatuko den gobernuak. Nahiko lukete korporazio askok guk utziko dugun herentzia jasotzea".
2015eko aurrekontuaren beherakadak 2014an Udalak jasotako "ezohiko egiturazko diru sarrerekin" lotura du Areso alkateak jakinarazi duenez. Besteak beste, Miribillan Udalak saldutako lursail baten 12 milioiek handitu dute aurten aurrekontua. Udal ordezkariek aurreikusitako zerbait zen 2015eko aurrekontua ez zela 2014ko mailara iritsiko.
Koldo Losada gogoan, isilunea
Udalbatzar hasi baino lehen Koldo Losada aktorearen hilketa dela eta, minutu bateko isilunea egin dute zinegotziek.
[2014/11/20] Bilboko Udaleko 2015eko aurrekontua %4,5 txikiagoa izango da