Udalak berriro hasi du gurtza aretoei buruzko HAPNren aldaketa

uriola.eus 2014ko abe. 16a, 16:42

Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak bere epaian argudiatutako akats formala zuzentzeko asmoz, Hiri Antolamenduko Plan Nagusiaren aldaketa tramitatzeari ekin dio Udalak berriro ere. Kulto zentroak erregulatzeko EAJk aurreikusi duen prozesu parte-hartzailea “adarjotzetzat” hartu du EH Bilduk.

Bilboko Udalaren Udal Plangintzaren Aholku Batzordeak gaur arratsaldez bilera bat egingo du Bilbon gurtza-aretoei buruzko araudia ezarriko duen Hiri Antolamenduko Plan Nagusiaren (HAPNren) aldaketa berriro aztertzeko, abenduaren 2an Gobernu Batzordeak Herritarrek Parte Hartzeko Programa onartu ondoren, hirigintza-arloko tramitazioaren aurretik egin beharrekoa.

Hala, Udalak Hirigintzako Arauen tramitazioari ekin dio berriro Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak argudiatutako formako akatsa zuzendu ahal izateko. Azaroaren 17an eman zuen epaian Udalak onartutako araudia baliogabetu zuen, baina ez edukiengatik -izan ere osorik berretsi ziren-, baizik eta tramitazioaren hasieran Herritarrek Parte Hartzeko Programarik onartu ez zelako.

Hala, prentsan eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean iragarri ostean, parte hartzeko prozesua 15 eguneko epe batez indarrean egongo da. Aldi horretan herritarrek araudiari buruzko iruzkinak aurkeztu ahal izango dituzte.

Era berean, Bilboko Udalak aldaketen edukiak eta eragina azaltzeko triptiko informatiboa argitaratu du. Euskarri hori www.bilbao.net udal webgunean, Hirigintza Saileko Plangintza Azpisailaren bulegoetan (San Agustin Eraikina, Ernesto Erkoreka plaza, 12-1 B) eta Barrutiko Udaltegi guztietan kontsultatu daiteke.

HAPNren aldaketa hura Udal Plangintzaren Aholku Batzordean aurkeztea izango da hirigintza arloko tramitazioaren lehenengo pausua. Organo horrek gai honi buruzko irizpena eman eta, azkenik, Udal Osoko Bilkuran berretsiko du.

 

“Adarjotzea”

EAJren jarrera “adarjotzetzat” jo du Aitziber Ibaibarriaga EH Bikduko eledunak eta horren inguruko azalpenak eskatu dizkio udal gobernu batzordeari. Era berean, EH Bilduren bozeramaleak azpimarratu du Aholku Batzordean eztabaidatu behar dela parte-hartze prozesua.

“Parte-hartzea ez da Udalak bere kabuz erabakitakoa azaltzeko gune bat abian jartzea, eta hori EAJk ulertu behar du”, salatu du Ibaibarriagak. Bozeramaleak gogoratu du EHANren ebazpenak, Auzitegi Gorenak kaleratutako beste ebazpen batean oinarriturik, azpimarratu zuela tramite honen helburua hirigintza araudiak ahalik eta parte-hartze gehienarekin egitea zela.

Hori dela eta, EH Bilduk benetako prozesu parte-hartzailea eskatu du, aitormen erlijiosoek eskatzen duten eta Lurzoruaren legearen 108 artikuluak zehazten duen moduan. Ibaibarriagak Udal gobernu batzordeari eskatu dio jarrera aldatzeko, behingoagatik herritarron mesedetara gobernatzeko eta ez dezala Bilbo bihurtu askatasun erlijiosoa urratzen duen Euskal Herriko lehen udalerria.

 

[2014/11/26] Kultu zentroen irekierari ipinitako mugek eragindako gorabeherak