Bilboko Udalak kontu eta arreta handiz jokatzea gomendatu du, Hiriak inoiz jasan duen elur-denboralerik handienetakoari aurre egiteko, bereziki gogoan izanda zapatu eguerdira arte egoera bere horretan manten daitekeela azken iragarpen meteorologikoen arabera.
Beraz, egoera oso konplikatua izango da pilatutako elurragatik eta izotz-plaken agerpenagatik, eta horrek trafikoa moztu eta Bilbobuseko zenbait linea etetea ekar lezake arrisku handieneko eremuetan; Hiriko goiko auzoak eta maldan kokatutakoak tarteko direla. Era berean, erabiltzaileen segurtasuna berma ez daitekeen Bilbobuseko lineetan zerbitzua eten edo alda liteke.
Udaleko Krisi Mahaia gertu-gertutik jarraitzen ari da denboralearen bilakaera, eta horren haritik, ibilgailu partikularra ez erabitzea gomendatu du, baldin eta guztiz beharrezkoa ez bada. Erabili behar izatekotan, kontu eta tentu handiz gidatzea, autoa erregaiz eta elurrari aurre egiteko moduan hornituta eramatea (kateak, pala, arropa beroa, kaloria ugariko elikagaiak... barne), eta aldez aurretik errepide-sarearen egoeraz informatzea gomendatu du.
Era berean, oinezkoei kalean oinetako egokiak erabiltzea gomendatu die, erorikoak eta ezusteko lesio eta traumatismoak saihesteko.
Azkenik, Bilboko Udalak bere horretan mantendu du Elurteeen Operatibo Berezia, eta Segurtasun, Espazio Publiko eta Obra eta Zerbitzu sailetako 500 langile inguruk lanean dihardute hiriko bide eta esparru publikoak egoera onean izateko, merkatu, osasun-zentro, ikastetxe eta garraioetarako sarbideei arreta berezia eginez.
Gaurko balantzea
Horrela, 06:00etatik aurrera, Udaleko Elurteen Operatibo Bereziak 13.000 kilo gatz bota ditu guztira, eta arratsalde-iluntzean, gatza botatzeko lan trinkoak egingo dira goiko auzoetan, eta oinezkoak joan-etorriak biltzen dituzten espaloi, eskailera, zubi eta pasabide goratuetan.
Era berean, Bilbora sartzeko Santo Domingo-Egirletako sarbidea itxita egon da, eta egoera zaila izan da Zabalbiden, Montevideo Etorbidean eta Otxarkoaga aldean. Santo Domingon ere, aireporturako sarbidea itxita egon da.
Horren haritik, Udalak Hirira etortzeko garraio publikoa erabiltzea gomendatu du, bereziki Metro Bilbao, Artxandako Funikularra eta Feve, EuskoTren eta Renfe Aldirietako tren-zerbitzuak, normaltasun osoz ibili baitira.
Udalak elurra kentzeko zerbitzu etengabea ezarri du Hiriko goi auzoetako bideak garbi mantentzeko, bereziki Arangoitin, Otxarkoagan, Uretamendin, Betolazan eta Ingurubidean, Basurtu-Kastrexana errepidean, Altamiran, Masustegin eta Mintegitxuetan.
Halaber, Neguko Aterpe zerbitzua 20 ohe gehigarriz indartu da (84 ohetik 104 ohera igaroz), eta eguen, bariku eta zapatu gauetarako beste 20 ohe jartzea aurreikusi da.
Gomendioak
Elurrak eta hotzak eragindako egungo alerta laranjan, Bilboko Udalak honako gomendio hauek luzatu dizkie hiritarrei: adinekoak edota gaixorik dauden pertsonak etxean geratzea eta kalean aterperik gabeko pertsonarik ikusiz gero, Udaltzaingora deitzea (092), udal baliabide desberdinetan aterpea eskaintzeko asmoz.
Ibilgailua erabili behar izanez gero
- Arreta handiaz jokatu espazio irekietan eta leku altuetan ibiltzean
- Autoa berrikusi: balaztak, pneumatikoak, argiak, izotz-kontrako likidoa, bujiak...
- Aldez aurretik informazioa eskuratu aterpea hartzeko lekuei buruz (aterpeak, hotelak...)
- Autoan eraman irratia, pala, soka, linterna bat eta berokiak, hala nola kaloria ugaridun elikagaiak (txokolatea, fruitu lehorrak...)
- Gasolinaren depositua beteta eduki, eta 100 kilometrorik behin gutxi gora behera bete.
- Ekaitzak autoaren barruan harrapatzen bagaitu, bertan geratu. Martxan eta berogailua piztuta egonez gero, leihatila erdi zabalik utzi, aire berria sartzeko. Ez lokartu inolaz ere eta ipini antenan zapi bat arreta erakartzeko.
- Elur edo izotz gogorrik egonez gero, ipini kateak autoan
- Martxa laburrekin gidatu, norabidea modu bortitzean aldatu barik. Aurrera egin, ahal bada, beste ibilgailuek utzitako arrastotik. Izotzik badago, autoaren alboetariko bat zapaldu gabeko elurretik ibili beharko da.
- Ez zapaldu balazta izotzik badago. Hobe duzu autoak izotz-eremua berez zeharkatzea.
- Ihes-hodia elur barik eta desblokeatuta eduki, horrela kea ez da autoaren barrualdera sartuko.