Bilboko alkatetzarako PPren zerrendan egongo zela bazekien Luis Egiluzek, baina ez zekien ziur zein postutan. Horregatik ezustean harrapatu zuen Egiluz, atzo, Nerea Llanos Euskadiko PPko idazkariak. Udal eta foru hauteskundeetako PPren zerrendaburuak ezagutzera eman zituen Llanosek, eta Egiluzen izena bertan aipatzea sorpresa izan zen askorentzat.
Politikako profesional inoiz izan ez den arren, jardunaldi osoan, ondo ezagutzen du Bilboko Udala Luis Egiluzek. Bi legegintzaldi eman zituen zinegotzi gisa, Antonio Basagoitiren esanetara. Batik bat, osasun eta ingurumen gaiak jorratu zituen. EramuaKo Udalean ere izan da zinegotzi.
Luis Eguiluz Zobaranek 54 urte ditu. Ezkondua da eta hiru seme-alaben aita da. Zuzenbidea ikasi bazuen ere, bere lan ibilbidea botika-industriari lotuta egon da.
Lau zerrendaburu berri
Bilboko Udalean egun ordezkaritza duten alderdien artean, PP izan da maiatzeko udal hauteskundeetarako bere zerrendaburua aurkezten azkena. Lau alderdi horien lehen hautagaientzat lehen aldia izango da zerrendaburu gisa.
Juan Maria Aburto da EAJko hautagaia. Eusko Jaurlaritzan Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu kargua utzi du hauteskundeak bete-betean prestatzeko.
Alfonso Gil da PSE-EEko hautagaia. Bilboko Udalean zigotzi moduan eskarmentu handia du Gilek.
Aitziber Ibaibarriaga da EH Bildu koalizioko hautagaia. Aurreko udal hauteskundeetan bigarren postuan aurkeztu bazen oraingoan lehen postuan egingo du.
Ordezkaritzarik ez dutenak ordezkaritza bila
Bilbo Irabaziz herri ekimenak "ezkerreko alternatiban" kokatuta dauden gizarte mugimendu eta eragile, sindikatu, elkarte, GKE, talde politiko eta norbanakoekin "batasun gunea" sortzea du helburu. Koalizio moduan aurkeztuko dira.
Ahal Dugu alderdiko kideek zer erabakiko duten ezagutzea falta da. Euren siglekin edo beste hautagaitza batekin bat egingo duten ez dute argitu oraindik orain.
[2014/10/24] Aitziber Ibaibarriaga izango da EH Bilduko Bilboko alkategai
[2014/10/17] Alfonso Gilek bere hautagaitza aurkeztu du PSEko alkategai izateko
[2014/10/02] Juan Maria Aburto aurkeztu dute EAJko Bilboko alkategai