Aldaketa-aukera errealitate egiteko, "prozesu labur baina sakona antolatuz" hasiko da Ibaizabal, otsailaren 27 eta 28an Bilbon, Arrupe Etxeaan (Aita Lojendia 1).
Otsailaren 27an, ostirala, 19:00etatik 21:00etara, #ibaiZabalen aurkezpen laburra eta Guanyemeko ordezkariekin solasaldia egingo dituzte. Eta otsailaren 28a, larunbata, 10:30etatik 14:00etara, "energiak partekatzeko, aukerak zehazteko eta korapiloak deslotzeko lan saio kolektiboa egingo dugu, konfluentziarako oinarriak ipiniz".
Aldaketa hiritarren eskutik
Era "zabal eta inklusiboan" gauzatu behar den aldaketa "hiritarren eskutik" etorriko da Bilbon Ibaizabaleko kideen arabera. "Gehiengo sozial berri baten eskutik datorren aldaketa, parte-hartze, gardentasun, justizia eta berdintasun kuota zabalagoak lortaraziko dizkigun aldaketak oinarri etiko, politiko eta antolakuntzazkoak behar ditu".
Ibaizabalek bere web gunean aitortzen du "gehiengo sozialak ez direla egun batetik bestera osatzen", eta aldaketa sozialerako prozesuek "denbora eta eskuzabaltasuna behar dituztela" aurrera egiteko. Horregatik, indarrak "lehenbailehen batzeko unea" dela uste dute, Bilboko Udaleko hurrengo hauteskundeetara begira "hiritarren egitasmo bat sortzeko". "Ahalik eta sentsibilitate gehien ordezkatzen dituen eta hainbestek nahi dugun aldaketaren norabidean jauzi kualitatiboa eragin dezakeen plataforma bat", hain zuzen ere.
Proposamen "itxaropentsua" osatu nahi dute, "erakunde ezberdinak bildu ahalko dituena". Baina, batez ere, aldaketa honen protagonista izan behar diren "emakume-gizonak erakarri ahalko dituena, kaleko lagunak eta mugimendu sozialak erakarri ahalko dituena". Elkar topatzeko espazio "neutro bat" bilatuko dute, "mezu aglutinatzailea bere baitan hartu dezan. Adostasunerako espazioa", alegia.
Aldaketarako helburuarekin jarri dute martxan "konfluentziarako gonbidapena". Ibaizabal bezalakoa, Nerbioiarekin batera hiribildua zeharkatzen duen ibai horren moduan, itsasoaren bat eginik, Bilboko Itsasadarra sortuz. "Orain arteko lanarenganako mespretxu izpirik gabe, lan horren balioa azpimarratu eta elkarrekin jarraipena emateko asmoz".
Egitasmo hau bultzatzen dutenek –bat egin nahi dutenekin batera—, hurrengo asteetan, hiritarrei dei egiteko konpromisoa hartu dute, "hiritar hurkoei, mugimendu sozial eta auzoko elkarteei eta alderdien inguruan antolatutako lagunei, gehiengo soziala osatzeko asmoa duen herri-batasunerako hautagaitza baten oinarriak eraikitzeko. Horrek ez du zertan aurreko egitasmorik alboratu, baizik eta epe laburreko deialdian parte hartzeko prozesu deliberatibo baten martxan jarri baizik, era garden eta partehartzailean".
[2015/02/13] Luis Egiluz aurkeztu du PPk Bilboko alkategai
[2014/10/24] Aitziber Ibaibarriaga izango da EH Bilduko Bilboko alkategai
[2014/10/17] Alfonso Gilek bere hautagaitza aurkeztu du PSEko alkategai izateko
[2014/10/02] Juan Maria Aburto aurkeztu dute EAJko Bilboko alkategai