Duela gutxi jakin dute Solokoetxeko gurasoek zenbat telefonia mugikorreko antena dauden zehatz-mehatz ikastetxetik 40 metrora, hain zuzen ere, Solokoetxeko igogailuko teilatuan kokatua. Rakel Ahedo Errondagane elkarteko presidenteak gaurko agerraldian adierazi duenez "ez dira ez bost, ez zazpi, 13 antena ditugu". "Zoramena" da ikastetxea adin txikikoz betetako "gune sentibera" izanik.
Antenak "soberan daude". Ahedok, kopurua ez ezik, antenen potentzia ere salatu du gaurkoan. "Benetako basakeria da", esan du antenen potentziari buruz. "Aspalditik erankundeek gomendatzen duten 0,1 mailatik" oso urruti, eta ondorioz, "jaitsi beharrekoa".
Ez dute ulertzen Solokoetxeko gurasoek zergatik Bilbon ez diren onartu beste hiri batzutan erradiazioa arautzeko hartu diren neurriak. Gasteizen, esaterako, joan den urtarrilean onartu dute ordenantza eta Donostian epe laburrean egingo dute. Bilbon, berriz, Udala "oso malgua da eta operadoreen nahietara egokitzen da. Ez dakigu kokapen estrategiko horretan jarraitzen utziko dien Udalak operadoreei".
Bi urteren ostean erantzunik ez jasotzea "ikaragarria" dela jendarteratu nahi izan dute Errondaganeko kideek. Eta ez da proposamen faltagatik. Antenak berkokatzea, antenen potentzia jaistea edota ikastetxeko ikasleak beste ikaslega batzutara mugitzea, zentroan pantailak ezartzea eta wifia itzaltzea dira aurkeztu dituzten proposamenetako batzuk. "Gutxieneko neurri" gisa antetatik hurbilen dauden geletako ikasleak lekuz aldatzeko eskatu diote gurasoek ikastetxeko zuzendaritzako taldekideei, baina "ez dela ezer gertatzen esanez jarraitzen dute".
Osasungintzatik ere ez dute jaso esperotako erantzunik. Ikastetxean hiru minbizia patologia "serio" izateak "nahikoa izan beharko luke", eta hala ere "ez dugu erantzunik jaso". Gai "sentibera" eta "mingarria" da leuzemia duten ikasle ohiena. Horregatik ez dute gehiegi sakondu nahi izan Errondaganekoek. Batik bat, horietako bat joan den astean hil delako eta beste bi umeen gurasoek euren kasuei buruz publikoki hitz egin ez dutelako. Antenen erradiazioa eta umeen minbiziaren artean "loturarik egin gabe", "gu medikuak ez baikara", ikastetxean emandako lau urtetan, "erradiazioa oso handia zenean sortutako gaitzak direla", adierazi dute.
Hezkuntza saileko ordezkariekin behin baino gehiagotan batzartu dira. Azkenengoz joan den otsailaren 25ean bi orduz. "Bi asteren buruan erantzungo zigutela esan ziguten eta, gaur agortu da emandako epea, eta ez dute erantzun", aurreratu du Ahedok. Gasteizeko Ibaiondo ikastetxean pantailak ezarri dituzte eta Solokoetxen oraindik orain ez. Errondaganeko gurasoentzat "ulergaitza" da Ibaiondon erradiazioaren "potentzia txikiagoa denean" eta ikasleen artean "patologiarik garatu ez denean" euren ikastetxean pantailarik ez egotea.
Izatez, joan den urtarrilean Eusko Legebiltzarrean diru-partida orokor baten baitan Solokoetxeko zentroan erradiazioa murrizteko pantailak ezartzeko diru kopurua onartu zen -23.000 euro-. "Inkongruentea" da Ahedoren ustez, pantailarik ezarri ez denean. Hortaz, "non dago diru hori" galdetu du, eta "zergatik ez dute pantailak ezartzeko agindua ematen", erantsi du. Jakin badakite gurasoek pantailek auzotarrentzat konponbidea ez direla, baina "bai zentroarentzat".
Erakundeen erantzun eta argitasun falta salatu dute orain baino lehen hamaika aldiz Errondagane guraso elkartetik. Eta "salaketa publiko egitegatik zigortzen gaituzte erakundeek", esatera iritsi da Rakel Ahedo elkarteko presidentea gaurko agerraldian. "Gure umeen osasuna sakrifikatzeko eskatzen digute operadoreen mesedetan, eta hori ezin dugu onartu". Horregatik erabaki dute, "ahal dugun beste bide zabaltzea". Besteak beste, abokatu baten zerbitzua kontratatuko dute eta maiatzaren 22an musika kotzertuak antolatuko dituzte. Guraso batzuk euren burua eskaini dute eta Bizkaiko beste talde batzuk parte hartzera animatu dituzte. Horrela, irtenbideren bat lortu arte, lanean jarraituko dute.
Salaketaren bideari eutsiko diotela azaldu dute gurasoek, "operadoreei onartzen dieten guztia lotsagarria dela" esanez. "Alarmistatzat" jotzen dituztenentzat ere izan dute hitzik. "Arriskuaz jabetzen garen gurasoak gara, eta gure seme-alabak babestu nahi ditugu", esanez erantzun diete. "Ezintasuna" sentitzen dute egunero-egunero ikastetxera umeak eramatean. "Umeak zenbat jasango duen, gaixotasuko den", zalantza horiek buruan bueltaka dituzte. "Izugarria" eta "mingarria" euren egunerokoa, eta batik bat, "aitortzen ez delako".
Auzo elkarteen babesa
Gurasoak ez daude bakarrik. Ondoan dute Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, "antenek gure etxeetako leihoak jotzen dituztelako". Antenak kentzea edota antenen potentzia jaistea beharrezkotzat jotzen du federazioak ere. Horregatik babesten ditu Solokoetxeko gurasoak. "Astokeria" da 13 antena izatea eta "OME-OMS erakundeak gomendatu baino 120 aldiz gehiago uhin jasatea". Federaziotik azaldu dutenez, antenek, "beharrezkoak badira, "igorri dezatela maila txikiagoan".
Erradiazioa ez da soilik ikastetxearen arazoa, "auzotar guztiona da", adierazi dute. "Ez gaude antenen kontra, baina arautu behar den gaia da. Egin dezagun Munduko Osasun Erakundearen gomendioetara egokituko den araudia". Eta araudia iritsi bitartean, ikastetxean "pantailak ezar ditzatela".
Solokoetxeko ikastetxeak hurrengo ikasturtetik aurrera Batxilerra eskainiko du. Ibaiondo barrutira "esperotako" Batxilerra "kutsatu gabeko zentro batera" iritsiko zen itxaropena zuten auzotarrek - hasiera batean Campuzanon zabaldu behar zuten Batxilerra-, eta "zentro hau kutsatuta dago". Elektromagnetismoak sortzen duen "larritasuna" dela eta, "familia batzuk zentroz aldatzea erabaki dute".
[2015/01/29] Telefonia antenak erretiratu bitartean neurriak hartzeko eskatu dute solokoetxetarrek
[2014/11/05] Solokoetxeko BHIko familiek Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratzeko deia egiten dute
[2014/10/28] Antenen elektromagnetismoak osasunean duen eragina mintzagai
[2014/09/03] Solokoetxeko ikasleak ostegunean ez dira klasera joango antenen erradiazioa salatzeko
[2014/06/18] Beste aste batez Solokoetxeko antenak kentzea galdegingo dute gaur arratsaldean
[2014/06/11] "Antenarik ez, 0,1 ya" lelopean elkarretaratzea egingo dute Solokoetxeko auzotarrek
[2014/06/05] "Antenarik ez, 0,1 ya" lelopean beste elkarretaratze bat