Bilboko zerua "justiziaz betetzeko" 1.095 globo aireratuko dituzte

uriola.eus 2015ko api. 10a, 09:55

Hiru urte pasa dira Iñigo Cabacas hil zenetik eta bere lagun eta senideak "erreta" daude. "Guzti hau bukatzea nahi dugu, atsedena behar dugu", adierazi zuten martxoaren 26an emandako prentsaurrekoan. Erreta daude "oso agerikoa den zerbaitegatik", "Iñigo hil zutela" aitortu ez delako oraindik orain, hiru urte "borrokan" eman arren. Larunbatean, apirilak 11, 18:00etan, omenaldia egingo diote Maria Diaz de Haroko kalezulean, Kirruli aurrean. 

"Lotsagarria" eta "negargarria" da Iñigo Gogoan plataformako kide Iker Hernandezen hitzetan Cabacasen heriotza argitzeko eman diren pausoak hiru urtetan. "Gertatua argitzeko oso urruti daude pauso horiek". Lagun eta senideek ez ezik "gizarteak" ere "ez du ulertzen" atzerapena. Horregatik, matxoaren 26an Kafe Antzokian emaniko prentsaurrean Hernandezek Iñigoren heriotza argitzeko eskatu zuen, "berriro errepika ez dadin", eta "gomazko piloten desagerpena" exijitu zuen, "polizia guztietatik". Bi eskaera horiek betetzeko "konpromiso politikoa" baino ez dela behar gogorarazi zuen Hernandezek.

Cabacasen heriotza argitzeko prozesuan erakunde eta arduradunek "oso txarto" jokatu dutela uste dute Iñigoren lagunek. Bikendi Arrausiren arabera, injustiziak "estaltzen ahalegindu dira", gero "desmuntatu direnak". Kasuak instrukzio fasean, eman dituen atzera-bueltekin, nekatuta daudela mahaigaineratu zuten agerraldian. "Behin betiko buka dadila nahi dugu. Oso agerikoa den zerbaitegatik, Iñigo hil zutela aitortu ez delako oraindik orain, hiru urte borrokan eman ditugu. Erreta gaude. Pilota jaurti zuenak eta operatiboa zuzendu zuenak ordaindu behar dute, baita gertatuaren ardura-katea heltzen den arte dauden guztiek".

Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 9an hil zen, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek eman eta lau egunetara. Apirilaren 5eko gauerdiaren inguruan iritsi zen Basurtuko Unibertsitate Ospitalera, leherketaz buruhezurra hautsita eta garuneko lesio larriekin. Koma egoeran egon zen aireztapen mekanikoarekin, medikuek garuneko heriotza egiaztatu zuten arte.

Globoak, dokumentala eta omenaldi bateratua

Bihar, apirilak 11, 1.095 globo aireratuko dira Iñigo Cabacasek pilotakada jaso zuen lekuan "Bilboko zerua justiziaz betetzeko". 1.095 globo 1.095 egun -hiru urte- pasa direlako Iñigo hil zenetik. 18:00etan, Maria Diaz de Haro 13ko kalezulora "elkartasuna adierazi nahi duen orori" hurbiltzeko dei egin diote Iñigo Gogoan plataformako kideek.

Dagoeneko ikusgai dago 'Hiru urte Iñigo gabe' dokumentala, Karlos Trijuequek eginiko ikus-entzunezko lana. Bertan ageri da Iñigo umetan flauta jotzen edota aitarekin paseoan. Aspaldiko irudiez gain, Manu eta Fina bere gurasoen hitzak ere jasotzen ditu dokumentalak, besteak beste, hilerrira eginiko bisitan esandakoak. Plataformari eskatuta eskuratu ahal da dokumentala.

Apirilaren 29an Athleticek Realaren aurka jokatuko duen derbian omenaldi bateratua egin nahi diete bai Cabacas bai Aitor Zabaletari. Plataformako kideak hitz eginda daude Zabaletaren senideekin eta Athleticen erantzuna baino ez zaie falta. 

Iker Hernandez: "Hiru urtetan ezer gutxi aldatu da Iñigoren kasuan"

Iñigo Gogoan herri ekimeneko kidea da Iker Hernandez. URIOLAri esandakoaren arabera, hiru urte igaro diren honetan, "ezer gutxi aldatu da eta ikuspegi judizialetik oso geldo doa Iñigoren heriotzaren argiketa".

Hernandezek argi dauka ez dela "hemendik gutxira honekin bukatuko" eta erantzukizuna ez dela soilik pilota jaurti zuen ertzainarena; Ugartekorena, operazioa zuzendu zuen koordinatzailearena eta politikariena ere badela dio.

Biharko omenaldia senide eta lagunek antolatu dutela dio; "hunkigarria izango da eta puzikak botako ditugu Bilboko zerura justizia eskatzeko". Familiak bertaratzeko deia luzatu dio jendarteri.

[2015/03/25] Cabacas omentzeko ostiraleko ekitaldiaren harira EAJri jarrera alda dezala eta Justizia eta Erreparazioaren eskakizunak bereak egin ditzala eskatu dio EHBilduk

[2015/03/24] Udalak Iñigo Cabacas omenduko du ostiralean

[2015/02/12] "Hiru urte eta gero beharrezkoa da honekin bukatzea; gurasoengatik eta Iñigogatik"

[2015/02/25] Cabacas hil zuen pilotakada jaurti zuen ertzain bat identifikatu dute