Herritarrak, koxka bat estuago

Herritarren Kriminalizazioaren aurkako Plataforma 2015ko mar. 27a, 09:36

Espainiako Kongresuak 'Mozal Lege' bezala ezagun diren erreformak atzo onartu izana salatzeko Bilboko hainbat gizarte eragile, Herritarren Kriminalizazioaren aurkako Plataforman elkarturik, atzo PPren Bizkaiko egoitzaren aurrean kontzentratu ziren eta bihar, larunbata, Bilboko Kale Nagusian manifestatuko dira 'Movilízate, Danok kalera' lelopean.

 

[Iritzia] Herritarrak, koxka bat estuago

Azken urteotan eskubideen galera sistematikoa pairatzen ari gara: langile-eskubideak, osasunerako, hezkuntzarako, etxe-bizitzarako eskubideak... Eta, horren ondorioz, herritarrak gero eta gehiago ari dira kalera ateratzen.

Oinarrizko eskubideen suntsiketa-egoera horren aurrean erakundeek, beste behin, legeak birformulatu eta kode penala estutzeko bidea hartu dute, parte-hartze politikoko ekimenak eta protestarako mobilizazioak are gehiago kriminalizatzeko.

Hilabeteotan Mozal Lege izena hartu duten legeekin aurrera egiteko bozkatzeak gertatzen ari dira Espainiako Senatuan: Herritarren Segurtasunerako Legea eta Kode Penalaren Erreforma. Biek ala biek osatzen dute, Prozedura Kriminalaren Legeak eta Doako Laguntza Juridikoaren Legeak bezalaxe, neurri multzo bat gure eskubide eta askatasunei zuzenean eragiten dietena. Protesta zigortzeko helburuarekin formulatuta daude neurriok, eta, bereziki, pobrezia- eta ezegonkortasun-egoerak zigortuko dituzte. Edozein auzokide bilakatuko da susmagarri, polizia-agente halako batek uste baldin badu delitu bat egitekotan dagoela, delitua bera gertatzeko beharrik ez dagoela.

Hartara, ez dira gertakariak soilik kriminalizatuko, zenbait giza-talde kriminalizatuko dira aurrez: migranteak, aktibistak edo baliabiderik gabeko pertsonak kasu, edo halako taldeekin elkartasuna adierazten duen edozein.

Ezin dugu onartu beldurra, zigorra eta errepresioa gailentzea eta kaleak hustea, solidarioa ez den gizarte indibidualista bat sustatuz. Euskal Herrian ondo ezagun ditugu salbuespen-lege horien ondorioak. Urtetan izan gara laborategi herritarren erantzuna isilaraztea helburu zuten halako neurrietarako, eta, hala eta guztiz ere, ez dute lortu gu geldiaraztea. Orain, neurri multzo hau onartzen baldin bada, koxka bat estuagoa izango da egoera eta errazago kriminalizatuko da herritarren protesta. Horregatik, inoiz baino gehiago, antolatuta egoten jarraitu behar dugu eta kalean jarraitu behar dugu. Eta, horretarako, sare-lanerako Plataforma batean elkartu gara, lege multzo honek pertsonon egunerokoan izango duen eraginaren esanahi errealaren inguruko informazioa transmititzeko helburuarekin eta salbuespen-egoera hau salatzeko helburuarekin.

Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataforma osatu dugu, hain zuzen ere; bertan elkartu garen kolektibook ez dugu onartzen herritarren mobilizazioak ekiditea helburu duen inongo saiakerarik, eta uste dugu ezinbestekoa dela lege hauen onartzea etetea. Horretarako, jendea animatu nahi dugu beldurra galdu eta neurri bidegabe hauen aurrean modu irekian desobeditzera.

Inor ez da inuzentea, guztiok terrorista!

 

Herritarren kriminalizazioaren aurkako plataforma

Eragileak: Plataforma de sin papeles Mbolo Moy Doole, Sagarrak, Greenpeace Euskadi, m15m, Berri-Otxoak, Sare Antifaxista, Fundación Paz y Solidaridad, Bizkaiko SOS Arrazakeria, Tosu Betirako, Komite Internazionalistak, Ernai, Salhaketa Bizkaia, Mugitu!, KEM-MOC.

Atxikimenduak: Taldeak: Danok Lan, Desazkundea, Ekologistak martxan Bizkaia, Harresiak Apurtuz (Coordinadora de ONGs de Euskadi de apoyo a inmigrantes), Argilan, Kakitzat, Antikapitalistak Elkartea, Ehgam, “BUSTURIALDEAN LAN ETA BIZI”, Mujeres del Mundo “Babel”, Asociación de trabajadoras del hogar (ATH-ELE), Bilboko kitzikan, Mugarik Gabe, Bilboko Askapena, Txiapasekin, Ekintza Zuzena Aldizkaria, Euskal Herriko Mumiaren Lagunak, Baskale, Bilboko Konpartsak.

Sindikatuak: ESK, CGT-LKN,CCOO Euskadi, CNT.

Alderdiak: EHBildu.

 

 

[2015/03/26] Kongresuak 'Mozal legeak' onartu dituela salatzeko elkarretaratzea egin dute PPren egoitzaren aurrean

[2015/03/06] Hileta-martxarekin "adierazpen eta mobilizazio askatasunaren kontrako eraso zuzena" irudikatu dute

[2015/03/05] Protesta eskubidearen "heriotzari" omenaldia gaur arratsaldean

[2015/02/26] 'Mozal legeari' aurre egiteko mobilizaziorako deia egin du gizarte eragileen plataforma berriak

[2015/02/26] 'Mozal legea' salatzeko 'Herritarren kriminalizazioaren aurkako plataforma' aurkeztu dute gaur