Zehazki, partiduko lehen bederatzi minutu Athletic taldea animatu gabe emateko mezua zabaldu die Iñigo Cabacas Herri Harmailak (ICHH) gaur San Mamesera bertaratuko diren zaleei. Gaur betetzen dira, hain zuzen ere, hiru urte "gure lagun eta kidearen erailketa" gertatu zela. Herri Harmailak atzo sare sozialen bitartez ezagutzera eman zuen agirian "tristuraz eta kezkaz" ikusten du oraindik orain "justizia zelan gauzatu ez den". Gainera, Iñigo Cabacasen omenez harmailak antolatu nahi izan dituen elkartasun ekintzak "debekatuak edo ekonomikoki zigortuak" izan direla salatu du.
Hori dela eta, gaur 20:00etan San Mamesen hasiko den Athletic eta Valentziaren arteko partiduko lehen bederatzi minututan "isilik egotea erabaki dugu Pituren oroimenean. Iñigoren familiarekiko elkartasuna adieraziz eta benetako justizia eskatuz".
Oihartzun handia
Iñigo Cabacasen heriotzaren urteurrena oihartzun handia izaten ari da sare sozialetan. Euskal Herrian zein estatuan asko eta asko dira, esaterako, Twitter sarean #InigoJustizia eta #InigoGogoan traola erabiltzen ari diren lagunak. Eta ez gaur soilik, lehen ordutik, baita azken asteotan ere. Justizia eskariak, elkartasun mezuak eta Iñigoren argazkiak nonahi aurki daitezke Interneten.
Hiru urte
Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 9an hil zen, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek eman eta lau egunetara. Apirilaren 5eko gauerdiaren inguruan iritsi zen Basurtuko Unibertsitate Ospitalera, leherketaz buruhezurra hautsita eta garuneko lesio larriekin. Koma egoeran egon zen aireztapen mekanikoarekin, medikuek garuneko heriotza egiaztatu zuten arte.
Gertaeratik hiru urte beteko dira, eta oraindik ez da Cabacas auzia argitu. Eztabaida ugari piztu dituen kasu honek hainbat akats ezagutarazi ditu, puntu ilunak edota txosten batzuen falta, tartean. Bestalde, herritarren aldarrikapenak azpimarragarriak izan dira Iñigo Cabacasen auzia argitzeko prozesuan; izan ere, etengabeko mobilizazioak antolatu dira urte hauetan (manifestazioak, giza kateak, omenaldiak eta abar).
Globoak, dokumentala eta omenaldi bateratua
Apirilaren 11n, 1.095 globo aireratuko dira Iñigo Cabacasek pilotakada jaso zuen lekuan "Bilboko zerua justiziaz betetzeko". 1.095 globo 1.095 egun -hiru urte- pasa direlako Iñigo hil zenetik. 18:00etan, Maria Diaz de Haro 13ko kalezulora "elkartasuna adierazi nahi duen orori" hurbiltzeko dei egin diote Iñigo Gogoan plataformako kideek.
Ordurako ikusgai izango da 'Hiru urte Iñigo gabe' dokumentala. Karlos Trijuequek eginiko ikus-entzunezko lan horren aurrerapena eskaini dute gaur Kafe Antzokian. Bertan ageri da Iñigo umetan flauta jotzen edota aitarekin paseoan. Aspaldiko irudiez gain, Manu eta Fina bere gurasoen hitzak ere jasotzen ditu dokumentalak, besteak beste, hilerrira eginiko bisitan esandakoak. Plataformari eskatuta eskuratu ahalko da dokumentala.
Apirilaren 29an Athleticek Realaren aurka jokatuko duen derbian omenaldi bateratua egin nahi diete bai Cabacas bai Aitor Zabaletari. Plataformako kideak hitz eginda daude Zabaletaren senideekin eta Athleticen erantzuna baino ez zaie falta.
[2015/03/28] IBAIZABAL: Iñigo Cabacasen heriotzaren 3. urteurrena
[2015/03/27] Iñigo Cabacasek Bilboko Udalaren lehen omenaldia jaso du hil eta hiru urtera
[2015/02/12] "Hiru urte eta gero beharrezkoa da honekin bukatzea; gurasoengatik eta Iñigogatik"
[2015/02/25] Cabacas hil zuen pilotakada jaurti zuen ertzain bat identifikatu dute