Mozal Legearen aurrean jarrera aktiboa izateko konpromisoa hartu dute gazte eragileek

uriola.eus 2015ko api. 18a, 13:00

Ehunka gazte kalera atera ziren atzo arratsaldean, Mozal Legea arbuiatzeko. Moyuatik Euskadi plazara ilaratan, eskuak lotuta eta ahoa estalita joan ziren "Lotuta isil nahi gaituzte. Ebaki mozala!” leloa zeraman pankartaren atzean eta Mariano Rajoyren mozorroa zuen lagun batek, gazte bat lotuta zeraman bitartean.

Martxa Euskadiko plazara heltzean, gazteek mozalak kendu zituzten eta ekintza ezberdinak egiteari ekin zioten "kateak apurtzeko"  eta eredu berri baten beharra aldarrikatuz, "pertsona erdigunean jarriko duen, norbanako burujabeez osatua eta parekidetasunean onarritua” egongo den eredua, hain zuzen ere.

Argi utzi zuten ez direla Mozal Legearen aurrean "kikilduko"; "ongi dakigu zer den errepresioa, eta orain arte gurekin ezin izan duten moduan, hemendik aurrera ere ezin izango dute”.

Uztailaren 1ean sartuko da indarrean Herritarren Segurtasunerako Legea, 'Mozal Legea' bezala ezagunagoa dena. Bizkaiko gazte eragileen arabera protesta edota kaleko ekimenak modu "eredugarrian" zigortuko ditu legeak, borroka soziala "errotik" ezabatzeko helburuarekin: "Etsaiak are gehiago babestu eta bidegabekerien aurrean erantzutea, herritarren adierazpen askatasuna egikaritzea eta gure eskubideengatik borrokatzea jazartuko ditu legeak".

[2015/04/17] Bizkaiko gazte eragileek 'Mozal legea'-ren aurkako manifestazioa deitu dute