Azterketak eta plantoak aurrera

uriola.eus 2015ko mai. 22a, 13:36
Argazkiak: Hezkuntza Plataformen Topagunea

Lehen Hezkuntzako 3. mailako azterketak eginez hasi da Eusko Jaurlaritza. Azterketak diagnostikorako direla, eta ez dutela ondoriorik adierazi du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. Azterketen aurka agertu da hezkuntza komunitatea. Planto eta elkartasun ekintzak ugariak dira.

Atzo bezala elkarretaratzea burutu dute gaur ere Luis Briñas eskola eta Karmelo Ikastolako atarietan 8:45ean, ikasleak gelara sartu aurretik, 15 minutuz. 'Denok gara 3. maila. Planto azterketa inposatuei' izan da elkarretaratzeetan zabaldu duten mezua.

Txurdinagako Gabriel Aresti institutuan 10:45ean kanta eta dantza eginez adierazi diete ikasle eta irakasleek elkartasuna 3. mailakoei.

Azterketak

Gasteizen atzo hasi ziren 3. mailako azterketak egiten. EAEko gainerako hiriburuetan noiz egingo diren ez du ezagutzera eman Hezkuntza Sailak. "Momentua heltzen denean, ikastetxeekin harremanetan jarriko gara", azaldu du Uriarte sailburuak.

LOMCEk proba orokorrak ezarri ditu Lehen Hezkuntzan, DBHn eta Batxilergoan. Azken biak nahitaez gainditu behar dira titulua eskuratzeko. Lehen Hezkuntzakoa diagnostikoa egiteko da. Uriarte sailburuaren arabera, "gure seme-alabak eta hezkuntza sistema nola garatzen ari den jakiteko probei buruz ari gara".