Eratu da Bilboko Udal Gobernua Juan Maria Aburto buru dela

uriola.eus 2015ko eka. 13a, 16:00

Ez da sorpresarik izan. EAJk joan den maiatzaren 24ko udal hauteskundetan eskuratutako gehiengo sinpleak emandako 13 zinegotzien aldeko botoarekin eta PSE-EEko lau zinegotzien babesarekin —aurreko bi legegintzalditan bezala—, eskuratu du hiriko alkatetza Juan Maria Aburtok. Udalbatzaren eratze bilkuran sei alderditako 28 zinegotzi eta alkatea bera karguaz jabetu dira. Guztira, ganberako 18 zinegotzi berritu dira.

Erraz gailendu da Juan Maria Aburto buru izan duen alderdi jeltzaleko hautagaitza Bilboko Udalean, bi zinegotzi galdu dituen arren —eta gehiengo osoa— 2011ko udal hauteskundetako emaitzekin alderatuta. 2011n baino 10.700 boto gutxiago eskuratu ditu 2015ean. Iñaki Azkunak 2003an eta 2007an eskuratu zituen 13 zinegotzien marka berdindu du Juan Maria Aburtok bere lehengo hauteskundetan. 63.637 papeleta, hain zuzen ere. "Hiriko 314.000 auzokideren eskaera eta beharrizanei erantzuteko gobernatuko dut", adierazi zuen bere lehen agerraldian.

Udal gobenuaren egonkortasuna bermatzeko akordiotarako prest agertu da lehen unetik Juan Maria Aburto, eta horrela izan da EAJ eta PSE-EEren arteko akordioari esker. Udaletan boto gehien jasotako zerrenda babestea adostu zuten atzo bi alderdiek. Akordio horretan, agintaldian zentsura moziorik ez aurkeztea —edota ez babestea— eta erakundeen urteko aurrekontuen negoziazioak erraztea erabaki dute.

 

Oposizio heterogeneoa

Sei alderdik lortu dute ordezkaritza Bilboko Udalbatzan, 1999tik gertatzen ez zena. Horietatik lau ezkerreko indarrak dira. Beraz, ezkerrerako joera gertatu da Bilbon. Aburtok oposizio heterogeneoa izango du hurrengo legegintzaldian.

1995etik Udalbatzan bigarren postuaren jabe zen PP alderdiak behera egin du nabarmen azken udal hauteskundetan –10.000 boto gutxiago 2011ko datuekin alderatuta–, laugarren postura jaitsiz. EH Bildu izango da bigarren indarra Bilbon, sozialistek eta popularrek baino 3.000 bozka gehiago lortuta. Hala ere, zinegotzi kopuru berbera izango dute hiruek; EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk launa zinegotzi izango dituzte.

Bigarren izan zitezkeen UdalBerri eta Ganemos euren arteko desberdintasunak eta zatiketak alde batera utzi izan balituzte. Bina zinegotzi eskuratu dituzte Bilboko Udalera aurkeztu diren lehen hauteskundetan. Bien batuketarekin EH Bilduk eskuratu dituen 22.705 bozka baino 1.487 sufragio gehiago lortzeko aukera galdu dute. Ahal Dugu alderdi ofizialaren babesa duen UdalBerri-Bilbao en común koalizioak 3.024 bozka gehiago jaso ditu Sí se puede-Ganemosek baino.

 

Juan Maria Aburto, koaderno gorriko alkatea

Azkuna "ordezkaezina" dela uste du Aburtok. Muga oso goian jarri duela ondotxo daki, eta herritar askok behin eta berriro gogoratzen dioten errepika da. Hala ere, erraz gainditu du lehen azterketa, joan den maiatzaren 24ko froga.

Alderdiak alkategai izendatu zuenetik buru-belarri jardun da Bilboko auzoak bisitatzen eta hiritarrekin batzartzen. Beti soinean izan duen koaderno gorrian kexak eta eskaerak idazten. Bertan jasota ditu hurrengo lau urtetan lehentasun izango ditun puntuak: Termibus geltokiko obraren esleipena; tranbiaren eraztunaren itxiera –Plaza Biribila eta Autonomia kalea lotuz–; metroko 3. linearen martxan jartzea eta merkatarien elkarteekin batera osatu nahi duen plan berezia. Horiek Aburtoren bide orrian lehentasunak.

Kinieletatik kanpo zegoen hautagaia zen Juan Maria Aburto, besteak beste, 2013ko urtarriletik Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu karguaren arduradun izan baita. Bizkai Buru Batzarrak eta EAJko Batzorde Arteko Organoak Bilboko alkatetzarako zerrendaburu proposatu zuten lehenik eta alderdikideen babesa eskuratu zuen gero.

Juan Maria Aburto 53 urteko deustuarra da, Zuzenbidean lizentziatua eta Foru Aldundiko funtzionarioa. Azken urteetan euskara ikasi eta prentsaurrekoak eta elkarrizketak euskaraz eman ditu. 1991 eta 1994 bitartean Juan Maria Atutxaren lantaldean jardun zuen Barne sailean. 1994tik hainbat karguren ardura izan du Bizkaiko Foru Aldundian, besteak beste, Gizarte Ekintzako diputatua eta Aldundiako bozeramalea izan da. 

 

Izen propioak

Ibon Aresoren taldeko bost zinegotzik bakarrik jarraituko dute Aburtoren taldean: Itziar Urtasun, Marta Ajuria, Asier Abaunza, Oihane Arregoitia eta Tomas del Hierrok. EAJko zinegotzi berrien artean badira lehenago Udalean zinegotzi izandakoak, Nekane Alonso eta Rikardo Barkala, hain zuzen ere. Iñaki Azkunaren hurbileko izan diren Ibon Areso, Jose Luis Sabas eta Ibone Bengoetxeak esaterako agur esan diote Bilboko Udalari urte askoren ondoren.

EH Bilduk, Aitziber Ibaibarriaga zerrendaburua izan ezik, gainerako ordezkariak berritu ditu. Lander Etxebarria –zinegotzi izana–, Alba Fatuarte eta Bruno Zubizarretak eskuratuko dute kargua. "Oposizio eraikitzailea eta konbatiboa egingo dugu, PNV-PSE itunaren eskumako politiken aurka", aurreratu du EH Bildu koalizioak, eta udal ekimenen protagonistak politikariak baino herritarrak izateko eskatu dio alkate berriari.

Sozialistek aurpegi berri bakarra izango dute. Alfonso Gil, Yolanda Diez eta Goyo Zurro orain artekoei Ines Ibañez batuko zaie, Jose Lorenzoren ordez.

Popularrek bi zinegotziri eutsiko diete, Beatriz Marcos eta Oscar Fernandezi, eta bi zinegotzi berri hartuko dituzte, Carmen Carron eta Luis Egiluz. Egiluzek, PPko zerrendaburua azken udal hauteskundetan, bi legegintzaldi eman zituen Bilboko Udalbatzan zinegotzi gisa Antonio Basagoitiren esanetara.

Indar berrien artean aurpegi berriak dira denak. UdalBerri-Bilbao en común koalizioan Carmen Muñoz eta Amaia Arenalek ordezkatuko dituzte Ezker Anitza-IU, Equo, Alternativa Republicana eta Podemos-Ahal Duguren interesak. Oposizio "zintzoa, eraikitzailea eta leiala" egiteko prest agertu dira Udalberriko kideak. "Bilbotarren bizimodua hobetzeko bada" akordio zehatzik ez dute baztertu EAJrekin.

Sí se puede-Ganemos plataforman (Podemos-Ahal Dugutik jaioa) Francisco Samir Ladhou eta Maria Concepcion Garcia izango dira Bilboko Udalbatzan Ganemosen ordezkariak.

Ziengotzi kargua utzi duten pertsonak honakoak dira: EAJko Ibon Areso —71 urtetik 24 eman ditu zinegotzi Bilboko Udalean—, Sabin Anuzita, Ibone Bengoetxea, Mariano Gomez, Eider Jauregi, Juan Felix Madariaga, Eduardo Maiz, Pilar Muerza, Jose Luis Sabas eta Jone Unzueta; PPko Luis Hermosa, Ines Pascual, Angel Rodrigo eta Jesus Sanz; EH Bilduko David Lopategi, Ana Etxarte eta Helena Gartzia; eta PSE-EEko Jose Lorenzo Delgado.

 

[2015/06/12] Udal ekimenen protagonistak politikariak baino herritarrak izateko eskatu dio EH Bilduk alkate berriari

[2015/06/10] "Oposizio eraikitzailea eta konbatiboa egingo dugu, PNV-PSE itunaren eskumako politiken aurka"

[2015/06/05] 18 zinegotziren agurra

[2015/06/05] Bilbo Irabaziz hautagaitzako bi kide kaleratuko ditu Ahal Duguk "hauteskunde iruzurra" egin dutelakoan

[2015/05/26] Sorpresa handirik ez

[2015/05/26] Hauteskunde ostea bertsotan

[2015/05/25] EAJ garaile, gehiengo osorik gabe

[2015/05/24] Bilbon parte-hartzea %48,11koa izan da 18:00etako datuen arabera

[2015/05/20] Hauteskundeak bertsotan

[2015/05/08] Hauteskunde lehiakorra Bilbon, irabazleagatik baino udalbatzak izango duen konposiziogatik