Bilbo, 715 urteko hiria

uriola.eus 2015ko eka. 15a, 10:00

Argazkia: Juan Mari Aburto

1300. urteko ekainaren 15ean On Diego Lopez de Harok emandako hiri-gutunarekin sortu zen Bilbo, eta hori dela eta urtero udal-korporazioak omenaldia egiten dio fundatzaileari Plaza Biribilean kokatuta dagoen eskulturaren inguruan.

Karguaz jabetu berri diren zinegotzien eta alkatearen lehen ekitaldi ofiziala izan zen atzokoa, Bilbo hiriaren urtemuga ekitaldian parte hartzea eta fundatzaile izan zen On Diego Lopez de Harori omenaldia egitea.

EAJ, PSE eta PP alderdietako zinegotziak izan ziren ekitaldian, ez ordea EH Bildu, Udalberri eta Ganemoseko zinegotziak.

Juan Maria Aburto alkatearen hitzetan "pena da" alderdien erdiak baino ez parte hartzea omenaldian, "batu behar gaituen ekitaldia izan behar da", gaineratu zuen. Hurrengo urtean alderdi guztiak eta hiritarrak ekitaldi horretako "protagonista" izateko ahalegina egingo duela aurreratu du Aburtok.

Izan ere, hiritarren "parte-hartze falta" izan da EH Bilduren arrazoia atzo Plaza Biribilera ez bertaratzeko. "Herritarren parte-hartze aktiboa alboratzen delako eta udal-korporazioaren mesederako bideratuta besterik ez dagoelako", adierazi du Aitziber Ibaibarriaga eledunak.

 

[2015/06/12] Udal ekimenen protagonistak politikariak baino herritarrak izateko eskatu dio EH Bilduk alkate berriari

[2015/05/21] Fundatzailea argi eta garbi