"Benetan izugarria izan da azken orduetakoa", erabakitzeko eskubidearen aldeko lantaldeak jakitera eman duenez. Asko eta asko izan dira ekainak 21 arratsaldez San Mames futbol zelaian izango den ekitaldirako sarrerak eskuratu dituzten lagunak.
Izan ere, gaur arte sarreren salmenta espero baino txikiagoa izan dela eta, ekitaldia bertan behera gelditzekotan egon da. Esan bazala, azken orduetan eskari handia izan da, eta dagoeneko 20.000 sarrera salduta daude. Gure Esku Dagoko taldekideen erronka igandera begira beste 20.000 saltzea da.
Hortaz, auzoetan sarrerak salgai izango dira larunbateko 14:00ak arte. Ondoren, saldu gabeak Bilboko dendan izango dira eskuragarri, Buenos Aires kaleko 13. zenbakian.
Erronka bete ahal izateko, azken txanpan "ingurua astindu eta aktibatzeko" deia zabaldu dute antolatzaileek. "Norberak daukan saretxoa martxan jarriz, denon arteko txinaurri lanarekin lortuko dugu".
Gure Esku Dago: "Garrantzitsua da San Mameserako sarrera aurretiaz eskuratzea"
Ekainaren 21eko "gastu guztiei" aurre egiteko San Mameseko ekitaldirako sarrera ordaindu beharko dute herritarrek. Aurretiaz sarrera eskuratzea "garrantzitsua" dela azpimarratu du Gure Esku Dago lantaldeko Maddi Ibaibarriagak. Sarrerak zenbakituak izango direla eta, taldean joatekoak direnei sarrerak "elkarrekin hartzeko" aholkatu diete.
Interneten eskura daitezke (gureeskudago.eus) edota hiriburuetan GEDk dituen lokaletan (Bilbon, Buenos Aires kaleko 13. zenbakian eta zenbait auzotan). Bi urtetik beherako umeek ez dute sarrerarik ordaindu beharko, baina sarrera eskuratu beharko dute. Umeen aulkitxoak ezingo dira zelai barrura sartu, baina gune berezia prest izango dute bertan uzteko. 3 eta 14 urte bitartekoek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta 15 urtetik gorakoek 10 euro.
Oihal katea
Zazpi kilometroko luzera izango duen oihal katea eguerdian osatuko dute. Areatzako eta Euskalduna zubien artean, itsasadarraren bi aldeetara, oihalak josiz. Bizkaiko herritarrek, bakoitzak bere eskualdearen arabera, katean leku zehatza gordeta izango dute. 12 eskualdeek kolore bana jasoko dute non kokatu jakiteko. Bilbotarrei, esaterako kolore urdina egokitu zaie, hau da, Euskalduna eta Salbe zubien arteko gunea.
Oihal katea 12:00etan hasi eta ordu erdiz luzatuko den arren, lehenago prestatzen hasiko dira. Kepa Markes antolatzailearen gomendioa da 11:30ean nor bere lekuan egotea.
Ekainak 21 - Egitaraua
• 12:00-12:30 OIHAL KATEA Euskalduna Zubia eta Areatza artean
• Eguerdian, gune desberdinetan: kontzertuak, bertso saioa, haurrentzako
puzgarriak, tailerrak, erromeria…
• Bazkalorduan: Txahal errea, bokatak, sahieskiak, edariak… Eta etxetik ekarritakoa
jateko lekua.
• 16:30 San Mames Barriako ateen irekiera
• 17:30 EKITALDI NAGUSIA San Mamesen
• 20:30 Oxabi erromeria eta lagunak: Francis (Doctor Deseo), Alex Sardui (Gatibu),
Ibon Altuna (Itziarren Semeak), Miren Amuriza, Mikel Martinez eta Patxo Telleria, dantzariak magoak… eta askoz gehiago!
[2015/06/09] 'Gaur hautetsontzia, bihar erabakia'
[2015/06/08] Ehuntze egun jendetsua Deustun
[2015/06/08] Giza eta oihal kate indautxuarra
[2015/06/05] Erabakitzeko eskubidearen korrontea San Mamesera bidean
[2015/06/02] Erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea Indautxun
[2015/05/29] Gure Esku Dago: "Erabakia nola eta noiz gauzatu da gure erronka, eta horretara goaz"
[2015/04/22] Gure Esku Dago dinamika herritarrak badu erreferentziarako lokala Bilbon
[2015/04/20] Gure Esku Dago: Bizkaiko lokalaren inaugurazioa Bilboko Buenos Aires kalean
[2015/04/14] Erabakitzeko borondatez jositako oihala San Mames zelaia estaltzeko
[2015/03/24] Erabakitzeko eskubidearen alde urrats berri bat
[2015/02/26] IBAIZABAL: Gure Esku Dago-ren proposamen berriak
[2014/12/17] 'Jostunak' dokumentala estreinatu du Gure Esku Dago ekimenak