Bere semearen heriotza argitzeko Takbar Haddi emakume sahararra egiten ari den gose grebarekin -35 egun daramatza- bat egin dute Euskal Herrian hainbat lagunek. Eliptika plazan kokatutako jaiman 24 orduko baraualdia amaitu zuten kideei beste hainbeste batu zitzaizkien 18:30ean abiatu zen manifestazioan.
Protestaldira batu ziren Euskal Herriko saharar komunitateko lagunak eta elkartasuna adieraztera hurbildutako herritarrak. Horien artean, gizarte eragileetako eta alderdi politikoetako hainbat ordezkari, besteak beste, EH Bildu eta Udalberriko eledunak.
Mohamed Lamin Haidala gazte sahararra 2015eko otsailaren 8an hil zen Marokoko kolono talde baten eraso bortitza pairatu ondoren. Geroztik, bere familiak gertakari arrunt bat ez zela izan salatu du. Eta eraso horren ondotik "mediku, polizia eta agintari marokoarrek izan duten jokabidea, gaztearen gertukoek eginiko salaketa indartzera dator".
Kanariar Uharteetan bizi den gazte sahararraren amak, Takbar Haddik, gose grebari ekin zion joan den maiatzaren 15ean. Bere eskaera "guztiz bidezkoa da": Haddik bere semearen hilotza berreskuratu eta bere heriotzaren nondik-norakoak argitzea eskatzen du.
[2015/06/17] Takbar Haddi ama sahararraren kasua salatu dute Bilbon