Biktimak eta memoria babesteko kontsentsu esparrua sortuko du Aburtok gainerako alderdiekin

uriola.eus 2015ko ira. 4a, 14:09
Argazkiak: @ebegiristain / @iurkullu

Indarkeriaren ondorioz bizia galdu dutenen memoria aztergai izan dute gaur goizean Bilbon Iñigo Urkullu lehendakariak eta EAEko 130 alkatek. Lehendakariak dei egin die alkateei memoria politikak herri eta hirietan sustatzeko eta Memoriaren Egunean elkarrekin oroitza ekitaldiak egiteko. Tartean izan da Juan Maria Aburto alkatea ere. Bilkuraren kanpoaldean egon dira, besteak beste, Etxerat elkarteko kideak eta Iñigo Cabacasen gurasoak. Erakundeen "aitortzarik jaso ez duten biktimak" badirela salatu dute.

Gizarte "inklusiboa" eraikitzeko indarkeria gainditu behar dela adierazi du Juan Maria Aburto Bilboko alkateak bilkuran hitza hartu duenean. Horretarako, "egindako mina aitortu behar dugu", gaineratu du. Hori da "biktima orori ordaina emateko modua", Aburtoren esanetan. 

Biktimak desberdintzerik ez du onartu, "kategoriarik, bereizketarik eta diskriminaziorik gabe", jokatu behar du bai gizarteak bai erakundeek, eta denei trataera bera ematearen alde azaldu da: "Biktima guzti-guztiak gureak dira, eta gure artekoak balira bezala sentitzen ditugu". Adibidetzat jarri ditu Bilbo hirian dauden zenbait oroigarri, esaterako, Jose Maria Agirre ertzaina, Jose Maria Lidon irakasle eta legegilea, diktadurako biktimak edota gerra zibilean borrokatu ziren herritarrak oroitzen dituztenak. 

Garrantzia berezia eman dio Aburtok 2010eko azaroaren 10etik alderdien artean dagoen batasunari. "Era bateratuan, zirrikutu gabe, konplexu gabe, Udaleko talde guztiek ospatzen dugu Memoriaren Eguna. Ekitaldia Bilboko hiritarrei ere zabaltzen diegu nork bere elkartasuna, errespetua eta omenaldia adierazteko biktima guztiei". 

Era berean, egindako kaltea aitortzearen beharra azpimarratu du. Kaltea pairatu eta pairatzen duten pertsonei "gure patu kolektiboko protagonistakide izaera itzuli ahal izateko. Bakea, Memoria, Aitortza eta Bizikidetza. Hauxe da elkarrekin jorratu beharreko bidea".

Bere hitzaldia bukatzeko, funtsezkotzat jo du Aburtok eztabaida politikoetatik indarkeriaren biktimak eta euren memoria babestea. "Nire ahaleginik handiena, Bilboko Udaleko talde politiko desberdinen arteko kontsentsu iraunkorrerako esparru bat sortzea" izango dela iragarri du.

 

Kanpoan Etxerat elkartea eta Cabacas sendia

Bilkuratik kanpo geratu dira Etxerat elkartea eta Iñigo Cabacasen gurasoak. Lakuako gobernuak osatu nahi duen 'Memoriaren mapa' deritzonean "ezinbestekoa den euskal preso politiko eta iheslarien senideen ahotsa" falta dela salatu dute, "inor kanpoan utziko ez duen errelatoa" jaso nahi bada. Hain zuzen ere, dispertsioak eragindako 16 biktimaren aitortza eskatu dio Etxeratek lehendakariari: "Non da egun batean bai, eta bestearen ere, gure eta gure senideen aurkako giza eskubide urraketak sorrarazten dituen dispertsio politikak eragindako hamasei biktimen memoriaren eta sufrimenduaren aitortza? Noiz arte izango da euren oroitzapena berariaz isilarazita? Biziarteko zigorra baino gehiago da gure haragietan sufritzen ari garen dispertsio politika, 16 biktima horien errekonozitu gabeko memoria horren erakusle".

Euskadiko Artxibategi Historikoaren aurrez aurre zeuden Cabacasen gurasoekin hitz egiteko geratu denean izan du ika-mika Urkullu lehendakariak. Eurak ere biktimak direla adierazi diote gurasoek, eta justizia eta auzia argitzeko eskatu diote. Urkulluk ere izan du eskaerarik. Segurtasun Sailaren lanean konfiantza izateko eskatu die. Jaurlaritza bera da "auzia argitzeko lehen interesatua", esan die.

 

[2015-09-04] Indarkeriaren biktimak eta dispertsioaren biktimak oroituko dituzte