Baliabide materialen inbentarioa egingo du Udalak errefuxiatuen harrerarako

uriola.eus 2015ko ira. 7a, 19:08

Eusko Jaurlaritzarekin eta gainerako Udalekin "erantzun integrala eta koordinatua" eman asmoz, errefuxiatuen "lehen harrera-aldi, egonaldi luze edota behin-betiko egonaldietarako" beharrezko baliabideen inbentarioa egitea erabaki du. Alderdi guztiek adostu duten adierazpen instituzionalak "bi gabezia garrantzitsu" ditu EH Bildu eta Udalberriren esanetan. Ez ditu 'harrera-hiri' kontzeptua ez gatazkaren "erantzukizuna" aipatzen.

Europan laguntza eta babes eskean dabiltzan milaka pertsonari "erabateko elkartasuna" agertu die Bilboko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aho batez adostu duen adierazpenean. Aburto alkateak hiriaren izaera lagunkoia azpimarratu du adierazpenaren berri ematean gaur arratsaldean: "Bilbo hiri solidarioa izan da beti, sufritzen duten guztiekin eta edozein laguntza-mota gehien behar dutenekin". Horregatik azaldu da Udala errefuxiatuei harrera emateko prest, "berme osoz", laguntza "eraginkorra eta iraunkorra" izan dadin.

"Hainbat arinen" baliabide materialen inbentarioa osatzeari ekingo dio Udalak, "lehen harrera-aldian Eusko Jaurlaritzaren esku jartzeko asmoz, baita behar izanez gero, egonaldi luzeagoetarako edota behin-betiko egonaldietarako ere".

Erakundeen jarrera ezinbestekotzat jo Udalak eta, ildo horretan, bat egin du beste Udal eta Autonomia Erkidegoekin, Espainiako Gobernuari eta Europar Batasunari "jarrera azkarra eta eraginkorra" eskatzerakoan.

Bukatzeko, adierazpenak gobernuz kanpoko erakundeak, gizarte erakundeak eta Bilboko herritarrak "garatzen ari diren elkartasuna eta lana" aitortu nahi izan ditu. Horiekin lanean jarraituko duela nabarmendu du Aburto alkateak.

 

Distantzia ezarriz eta autokritika ekidinez

Adierazpen instituzionala babestu duten arren, EH Bilduk eta Udalberrik "bi gabezia handi" identifikatu dituzte testuan. Batetik, "ez da aipamen argirik egiten Bilbo 'aterpe-hiri' izateari", Aitziber Ibaibarriagaren esanetan. "Distantzia ezarri nahi dute 'aldaketaren udal' deiturikoekin". Udalberriko Carmen Muñozek "erresistentzia" eta "gehiegizko jeloskortasuna" nabaritu du EAJ, PSE eta PPrengan. Ulergaitza iruditzen zaie EH Bildu eta Udalberriri 'aldaketako hiriak' izan direnean "elkartasun uholdearen funtsezko sustatzaile". Are gutxiago ulertzen dute zergatik sozialistek partekatzen duten udal gobernu batek ez duen 'aterpe-hiri' kontzeptua txertatzea onartu, "PSEk publikoki babesa eman dienean hiri horiei", gaineratu du Ibaibarriagak.

Udalberrik aurrera egingo du joan den astean iragarri zuen asmoarekin eta hilaren 24ko Udalbatzako Osoko Bilkuran Bilbo 'aterpe-hiri' izateko proposamena aurkeztuko du bertan.

Bestetik, errefuxiatuen egoeran "badugula zeresana" ez du espresuki aipatzen alderdiek adostutako testuak, EH Bildu eta Udalberri ahalegindu diren arren. Ibaibarriagaren iritziz, "ez da kasualitatea". Ez dute lortu "gatazka politikoen jatorrian, askotan, Europar Batasuneko erabakiak daudela" gaineratzea. Autokritika falta du dokumentuak Carmen Muñozen aburuz, "gizarte bezala egin behar dugun autokritika. Ezin dugu esan ez dugunik erantzukizunik gatazka militar, politiko eta ekonomikoetan, ezin dugu beste alde batera begiratu".

 

[2015-09-04] Bilbo 'aterpe-hiri' izateko prest agertu da Udala

[2015-09-03] Bilbo errefuxiatuentzako 'babes-hiri' izateko eskakizuna egin dute Udalberrik eta Goazenek