'Kukutza auziaren' baitan, 19 lagun epaituko dituzte gaur hasita

uriola.eus 2015ko ira. 14a, 08:10

"Desorden publikoagatik" eta "erresistentzia delituagatik", Kukutza gaztetxearen eraisketa egunean gertatu ziren istiluetan parte hartzea egotzita, epaituko ditu Bilboko 3. Zigor Aretoak 19 lagun gaur eta asteazkenean egitekoak diren saioetan. Joan den larunbatean 2.000 pertsona inguru manifestatu ziren Bilboko kaleetan 'Kukutza defendatzeagatik zigorrik ez' aldarrikapenak elkarturik. Gaur, epaitegi aurrean kontzentratzeko deia zabaldu dute auziperatuei elkartasuna adierazteko.

Bilboko justizia jauregiko areto "berezi" batean epaituko dituzte 19 lagunak Iñaki Carro defentsako bederatzi abokatuetako baten esanetan. Aretoa "berezia" izango da tamaina handiko gela batean deitu dituztelako.

Auziperatuei 18 eta 30na hilabete arteko espetxe zigorra eskatzen die Fiskaltzak, eta biri zortzina hilabete gehiagoko eskaera egin die "erresistentzia delituagatik". 

Behin-behinean, bi egun iraungo duen epaiketako saioak gaur eta irailaren 16an izango dira.

Bi egun horietan kontzentrazioak deitu ditu Kukutzarekin elkartasun taldeak 09:15ean epaitegi aurrean.

Iñaki Carro, Kukutzako abokatua: “Atxilotu eta gero gertatu ziren istiluak leporatzen dizkiete, auziak ez du sostengu juridikorik”

Kukutza gaztetxearen eraisketa dela-eta, bederatzigarren eta azken epaiketa izango da gaur hasiko dena, prozedura judizialak bederatzi baino gehiago izan diren arren. “Gehienak” artxibatuak izan dira Iñaki Carro abokatuaren esanetan. “Batez ere, Errekaldeko auzokideek Ertzaintzaren aurka jarritakoak”.

“Sostengu juridikorik ez duen” auzia da azken hau Carroren hitzetan. Gaztetxearen eraisketa eguneko istilu “larrietan” parte hartu izana leporatzen diete 19 auziperaturi, 18:40ean eta 20:30ean gertatu ziren edukiontzien erreketa eta barrikadetan parte hartu izana, hain zuzen ere. Defentsak argudiatuko duenez, 19 lagunak 17:00 eta 17:30 artean atxilotu zituzten. Hortaz, “ordurako hiru ordu zeramaten” komisaldegian: “Gero gertatu zena leporatzen diete”.

2011ko irailaren 23an arratsaldeko lehen orduan “apenas zegoen istilurik”. 19 gazteen aurka dagoen “froga bakarra Ertzaintzaren atestatua da”, eta defentsako abokatuen iritziz, Ertzaintzak ez zuen “neutraltasunez” jokatu. “Bortizki” baizik. “Kargatu egin zuen”, erresistentzia pasiboa erabiltzera deituta zeuden herritarren aurka. “Ertzaintzak interes propioa zeukan egun hartan, bi egun lehenagoko neurriz kanpoko indarkeria justifikatzeko premia zuen”. Bai Amnistia Internacionalek bai Arartekoak Ertzaintzaren jokabidea kritikatu zutela gogoan du Carro abokatuak.

Interneten ikus daitezkeen bideoak eta suhiltzaileen txostena eta lekukotzak frogatzat aurkezten ahalegindu da defentsako lantaldea, baina alperrik, “ez dizkigute onartu”.

Iñaki Carro ez da oso itxaropentsu epaiarekin, “zigorren bat ezarri behar dutela” uste du.  

 

#niereegonnintzen

#kukutza

@kukutzagaztetxe  

kukutzarekin.wordpress.com

[2015-09-11] Kukutza gaztetxearen aldeko manifestaziorekin bat egin dute EH Bildu, Udalberri eta Gozen Bilbaok

[2015-09-11] EH Bildu: Kukutzaren aurkako epaiketa bertan behera uzteko exijitzen dugu

[2015-09-10] Kukutza eta Kortxoenearen aldeko mobilizazioak larunbatean

[2015-09-08] Autogestioaren alde, okupazioaren alde eta gaztetxeen alde

[2015-09-07] Manifestazioa eta elkarretaratzeak deitu ditu Kukutzaren aldeko ekimenak

[2015-07-02] Kukutzaren aldeko "beste elkartasun olatu bat" piztera dei egin dute