27 metroko Salbetik saltoka munduko jauzilari onenak bigarranez

uriola.eus 2015ko ira. 18a, 09:30

Milaka ikusle baino gehiago eta mundu osoko 60 komunikabide baino gehiago elkartuko dira irailaren 26an Salbe zubiaren inguruan 'Red Bull Cliff Diving World Series 2015'-eko finalaren lekuko izateko. Hitzordu handiaren aurretik, irailaren 21ean, astelehena, Salbeko Zubian jauziak egiteko arrapala muntatzeko lanak hasiko dira, eta ostegunean, irailaren 24an, lehenengo entrenamenduak hasiko dira 13:00etan.

Salbeko Zubia eta bertan instalatuko den 27 metroko plataforma Red Bull markak 'Red Bull Cliff Diving World Series 2015' txapelketa egiteko agertokia izango dira bigarren urtez jarraian. Oraingo honetan, Bizkaiko hiriburuak jauzien final nagusia hartuko du; bertan, munduko hamalau jauzilarik parte hartuko dute hiri barruan egiten den zirkuituko geldialdi bakarrean eta Cartagena (Kolonbia), Arroxela (Frantzia), Fort Worth (Estatu Batuak), Copenhague (Danimarka), Azoreak (Portugal), Mostar (Bosnia-Herzegovina) eta Polignano a Mare (Italia) geralekuetan egon ondoren.

2015. urteko munduko serieek badute munduko irabazle bat; izan ere, Gary Huntbritainiarrak lehiatutako zazpi probetatik sei irabazi ditu orain arte. Hala ere, Bilbok nazioarteko arreta erakarriko du, 2016. urteko munduko serieetako programazioan zuzenean sailkatu ahal izateko sei plazetatik hiru esleitu barik baitaude oraindik. Oraingoz, Gary Hunt, Orlando Duque eta Jonathan Paredesdira plazak gordeta dituzten bakarrak. Hortaz, Bilbon erabakiko da nor lehiatuko den 2016. urteko onena izateko.

Salbeko Zubian instalatuko den plataforman egingo dira entrenamenduak eta lehiatuko da final nagusia, eta, gainera, entrenamenduak jendearentzat irekita egongo dira une oro. Ostegunean, irailaren 24an, lehenengo entrenamenduak hasiko dira 13:00etatik aurrera, eta ostiralean, irailaren 25ean, final nagusiaren aurreko sailkapen-txanda jokatuko da 14:00etan. Final nagusia irailaren 26an, larunbata, izango da, 14:30etik aurrera.

 

Red Bull Cliff Diving World Series 2015 - Agenda

Irailak 24 / Osteguna
13.00 - 15.00 Lehenengo entrenamenduak Salbe zubian

Irailak 25 / Ostirala
14.00 - 16.00 Entrenamenduak eta sailkapen-txanda

Irailak 26 / Larunbata
14.00 - 14.30 Jauzilarien aurkezpena
15.00 - 17.00 Red Bull Cliff Diving World Series Bilbao 2015
17.00 Sariak ematea


Hiru jauzilari faboritoak

Jonathan Paredes

2015eko sailkapenean eta, hori baino lehenago, 2013an lehen tokia lortu ostean, 25 urteko kirolari hau cliff diving delakoaren munduan egite teknikorik onena duten jauzilarietariko bat da. Bai epaileek bai arloko adituek diote Paredes azken urteotan sortutako klabadisten artean talentu handiena daukanetariko bat dela. Lehia iaz Bilbora heldu zenean ikusleak bereganatu zituen, jauziplataformara Athletic Cluben kamiseta jantzita igo baitzen.

 

Orlando Duque

Munduko 10 titulu eta munduko Guinness errekor bi edukita, Orlando Duque kolonbiarrak 27 metrotatik duen gaitasun handia frogatu du, azken 15 urteetan bere kirolaren gailurrera iritsi baita. 38 urte zituela, kolonbiarrak Garaiera Handiko Jauzien Munduko FINA Txapelketako irabazlea izan zen; Bartzelonan ospatu zen lehenengo aldiz txapelketa hori, 2013an.

 

David Colturi

AEBetako 10 metrotako txapeldun nazional ohia Munduko Serieko denboraldi oso batean lehiatu den jauzilari gazteena bihurtu zen 2012an, Australiako sailkapen-fasea gainditu ostean. 2011n lehenengo aldiz gonbidatu gisa Bostonen lehiatu ostean (han erakutsi baitzuen bere talentua), Davidek urtebete geroago lortu zuen bere lehen podiuma.

 

Eraginak

Irailak 21

Salbe zubian, 10.00etatik 14.00etara, eskuineko erreia, Moyua plazaranzko noranzkoan, ibilgailuen zirkulaziorako itxita egongo da. Oinezkoentzako Salbe zubiko bazterbidea hesituta egongo da. Deustuko zubitik hurbilen dagoen espaloia oinezkoentzat itxi egingo da irailaren 27ra arte.

Irailak 24 eta 25

- Rekalde zumarkalea: Moyua plaza eta Salbe zubiaren arteko zatia ibilgailuen zirkulaziorako itxi egingo da,
Salbe zubiranzko noranzkoan. Alabaina, garraio publikoarentzat eta ibilgailuentzat bidea libre egongo da zehar-kaleetan.

- Salbe zubia: ibilgailuen zirkulazioa bi noranzkoetan itxi egingo da, eta oinezkoen igarotzea libre utziko da, salbu eta jendea pilatzearen ondorioz segurtasun-neurri gisa hori ere itxi behar bada.

Bi eraginak ordu hauetan gertatuko dira: ostegunean, hilak 24, 12:00etatik 16:00etara eta ostiralean, hilak 25, 13:00etatik 17:00etara.

Irailak 26

12:30etik 18:30era, gutxi gorabehera.

- Rekalde zumarkalea: Moyua plaza eta Salbe zubiaren arteko zatia ibilgailuen zirkulaziorako itxi egingo da, Salbe zubiranzko noranzkoan. Alabaina, garraio publikoarentzat eta ibilgailuentzat bidea libre egongo da zehar-kaleetan.

- Salbe zubia: ibilgailuen zirkulazioa bi noranzkoetan itxi egingo da.
• Maurice Ravel gunetik datozen ibilgailuek Salbe zubiaren ordez izango duten aukera hauxe da: etorbide horretatik Ugasko tunelerantz, Pio X.aren plazarantz eta Deustuko zubirantz joatea.
• Moyua plazatik eta zeharkakoetatik datozen ibilgailuek Salbe zubiaren ordez izango duten aukera hauxe da: Elcano kaletik Euskadi plazarantz, Deustuko zubirantz, Pio X.aren plazarantz eta Ugasko tunelerantz, Maurice Ravel etorbiderantz joatea; edo Pio X.aren plazatik Txorierri tunelerantz joatea aireportura edo korridorerantz jotzeko.

- Abandoibarra (Leizaola Lehendakariaren kalea Uribitarte kalearen artean): ibilgailuen zirkulazioa mugatuko da, baina egoiliarrei garajeetara pasatzen utziko zaie Ramon Rubial kalera arte.

- Unibertsitate etorbidea: ibilgailuen zirkulazioa bi noranzkoetan itxita egongo da, Agirre Anaiak kalearen eta Salbe zubiaren artean.

- Ernesto Erkoreka plaza eta Campo Volantin: etete edo iragazte selektiboa. Kastaños eta Matiko eremura doazen ibilgailuak soilik igaro ahalko dira.

- Bilbobusen 11 eta 71 lineen geralekuak kenduko dira Unibertsitateen etorbidean, Campo Volantinen, Botika Zaharren eta Erkoreka plazan, 12:30etik 18:30era. Bilbobusen lineen gaineko eraginak ikusteko, sartu www.bilbao.net/bilbobus webgunean edo deitu udal-informazioko telefonora, 010.

 

[2015-09-02] 50. txapelketako azken jauziak Salbekoak