Datozen egunotan aurkezpen ugari izango dira, besteak beste Bilbon. Azoka txiki bat antolatuz nahi izan zuten irailaren 24an Unamuno plazan Alternatiben Herria egitasmoa aurkeztu. Hilabeteren faltan, urriaren 24an Bilbon egitekoa den Alternatiben Herria “irudikatu” nahi zuten horrela, “aurrerapentxo bat” eskainiz. Baina Udalaren baimenik eskuratu ez zutela eta, aurkezpen hura kontzentrazio bihurtu zen.
Orduan egin ez zen aurkezpena ostiral honetan, hilak 9, antolatu du talde motorrak. Bilbo Zaharreko plazan, “jai” formatuan, Alternatiben Herria aurkeztuko du ‘Bizitza burujabea eskubide osoz’ lelopean. 18:00etatik aurrera, azoka soziala, kale animazioa eta poteo-kalejira izango dira, besteak beste.
250 boluntario inguru behar dira U24an
Alternatiben Herria hamaika pertsona eta eragileren auzolanari esker ari da antolatzen. Alternatiben Herria hamaika lagun eta eragileren auzolaguntzari esker ari da finantzatzen. Eta urriaren 24an Alternatiben Herria nahi bezain ongi aterako da hamaika boluntarioen lanari esker.
Halako festa eta aldarrikapen egun handi bat behar bezala ateratzeko lan handia egin behar da, txanda askotan. Lehen estimazioa egin dute antolatzaileek eta, egunean bertan, 250 boluntario inguru beharko dituztela kalkulatu dute. “Zu horietako bat izan zaitezke. Animatuko zara?”, galdera zabaldu dute jendartean. Boluntario izan nahi dutenek emaila idatzi behar dute honako helbidera: alternatibenherria@gmail.com
Diru bilketa “primeran”
“Primeran doa” urriaren 24ko gastuei aurre egiteko Interneten abian dagoen crowdfunding bidezko diru bilketa. ‘#alterlagun’ ugarik egin dute ekarpen ekonomikoa, 240tik gora “finantziakidek”, 11.000 euro gainditzeraino. “Bigarren txanda honetan 21.000 euroren bila goaz”, diote antolatzaileek. Izan ere, egitasmoaren kofinantzaketa “hobezina” izateko, 21.000 euro eskuratu beharko lirateke.
https://goteo.org/project/alternatiben-herria
Gazteak Alternatiben Herria eraikitzera
Ernai gazte erakundeak bat egin du Alternatiben Herria egitasmoarekin. “Urriaren 24ko eguna pauso bat gehiago da Euskal Herri berri bat eraikitzen jarraitzeko, sistemaren zurrunbilotik alde egiteko. Euskal Herriko eskubide sozialak aldarrikatu eta bestelako herri eredu bat posible dela erakustera goaz. Egunerokotasunean norbanako zein kolektiboek garatzen dituzten alternatiba eta egitasmoak ezagutarazteko plaza ederra izango da Alternatiben Herria. Elkarlanerako. Burujabetzaren bidean borroka desberdinak ezagutu eta eztabaidatzeko. Ikasteko, irakasteko, hausnartzeko eta ekiteko. Borroka kide berriak egin, ikuspegiak kontrastatu eta gure aletxoa jartzeko”.
Urriaren 24an Bilbon “hitzordu garrantzitsuan” parte hartzeko deia zabaldu dio Ernaik Euskal Herriko gazteriari eta ikasleriari. “Bagoaz alternatibak eraikitzera, bagoaz sistema kapitalista patriarkala borrokatu eta garaitzera, bagoaz alternatiben herria eraikitzera”.
[2015-09-24] Alternatiba bila, alternatibak bertan
[2015-09-21] Alternatiben aurrerapena
[2015-09-21] Hilabeteren faltan, 'Alternatiben Herria'-ren aurrerapena izango da ostegunean
[2015-09-15] "Alternatiba egiteko" crowdfunding kanpaina erraldoia abiaraziko dute
[2015-09-10] 1.000 alternatiba izatetik gertu
[2015-06-11] 'Alternatiben Herria' bihurtuko dute Bilbo urriaren 24an