Alternatibak badira eta urriaren 24an Bilbon izango dira

uriola.eus 2015ko urr. 16a, 15:16

'Bizitza burujabea eskubidea osoz'. Lelo horrekin ari dira 150 bat eragile antolatzen Alternatiben Herria. Alternatibak dituen herria "herri bizia" dela pentsatzen dute, eta "Euskal Herrian badira, merkatuen logikoaren gainetik, bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jartzen duten alternatibak". Urriaren 24an Bilbon antolatu duten Alternatiben Herria "guzti horien erakusleiho" izatea nahi dute.

"Alternatibak dituen herria bizirik dago". Horixe irudikatzeko asmoz, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren asanbladak datorren urriaren 24an Alternatiben Herria ekimena abiatuko du. "Aldarrikapen, hausnarketa eta ospakizun eguna" izango da, "egunerokoan bizia ematen diguten hamaika proposamen handi eta txikiren erakusleihoa; elkarren arteko topagunea".

Ekimen honekin jarraipena emango dio Bizi mugimenduak, 2015eko abenduan Parisen klima aldaketari buruzko Goi Bilera dela eta (COP21), Alternatiben Herriak antolatzeko egindako deialdiari, 'Sistema aldatu, ez klima' lemapean.

Deialdi berri honetan, klimaren inguruko proposamenari beste batzuk gehitu nahi izan dizkiote. Hala, "badakigu Euskal Herrian eremu sozial, ekonomiko eta kulturalean badirela hamaika pertsona eta eragile egunez-egun alternatibak eraikitzen". Horregatik, urriaren 24an "guzti hauek bildu eta plazara atera nahi ditugu".

Balio justuagoetan oinarritutako gizartea eraiki daitekeela sinetsita daude Alternatiben Herrian parte hartuko duten 150 bat eragile eta proiektu hauek guztiak, "aldaketa horren hazia" direla erakutsi nahi dute. "Horregatik, dei hau egiten dugunok alternatibak ditugula eta jada martxan daudela erakutsi nahi dugu, eta honekin batera esan, sistema dela aldatu behar dena. Horregatik pertsonen beharrak erdigunean jartzen dituen eredu sozial berria aldarrikatzera gatoz: Ongi bizitzeko, pertsonen zein herrien premiak asetzeko, gure buruak eta planeta zaintzeko eta nagusi den sistema aldatzeko".

 

Diru bilketa "primeran"

"Primeran doa" urriaren 24ko gastuei aurre egiteko Interneten abian dagoen crowdfunding bidezko diru bilketa. ‘#alterlagun’ ugarik egin dute ekarpen ekonomikoa, 300etik gora "finantziakide", 13.800 euro gainditzeraino. "Bigarren txanda honetan 21.000 euroren bila goaz", diote antolatzaileek.  Izan ere, egitasmoaren kofinantzaketa "hobezina" izateko, 21.000 euro eskuratu beharko lirateke. https://goteo.org/project/alternatiben-herria

 

250 boluntario inguru beharko dira U24an

Alternatiben Herria hamaika pertsona eta eragileren auzolanari esker ari da antolatzen. Alternatiben Herria hamaika lagun eta eragileren auzolaguntzari esker ari da finantzatzen. Eta urriaren 24an Alternatiben Herria "nahi bezain ongi aterako da hamaika boluntarioen lanari esker".

Halako festa eta aldarrikapen egun handi bat behar bezala ateratzeko lan handia egin behar da, txanda askotan. Lehen estimazioa egin dute antolatzaileek eta, egunean bertan, 250 boluntario inguru beharko dituztela kalkulatu dugu. "Zu horietako bat izan zaitezke. Animatuko zara?", galdera zabaldu dute jendartean. Boluntario izan nahi dutenek emaila idatzi behar dute honako helbidera: alternatibenherria@gmail.com

 

Bizikleta erabiltzeko deia

Biziz Bizi elkartea da Alternatiben Herrian parte hartuko duen 150 eragileetako bat. "Mugikortasun aktiboa eta jasangarria bultzatzen duen beste hiri eredu bat" eskatzen du elkarteak. Xabier Abian elkartekidearen esanetan Bilbon kotxeak du lehentasuna, eta "guk hiri humanoagoa, atseginagoa, kutsadura eta estres gutxiago duena nahi dugu". Horretarako badituzte alternatibak. Esaterako, bidegorriak ugaritu eta lotu, bizikletak uzteko aparkalekuak sortu edota ibilgailuen abiadura 30 kilometro ordura mugatu.

Urriaren 24an Bilbora bizikletaz joateko deia egin dute gaurkoan Biziz Bizi elkarteko kideek, besteak beste, txirrindularen hautua egiten dutenek 12:00etan abiatuko den bizikleta martxan parte hartu ahalko dutelako. Bizikletak konpontzen ikasteko tailerra ere eskainiko dute Alternatiben Herriko egitarauaren baitan.

 

Egun osoko eskaintza

Bilboko Areatza eta Alde Zaharraren inguruan egingo da Alternatiben Herria. Jarduera batzuk kalean bertan garatuko dira, karpak kokatuko dira horretarako. Bestalde, lokal publikoak eta herri-mugimenduarenak ere erabiliko dira.

Fomatu ezberdineko ekintzak egongo dira, hala nola, doku-zine-forumak, hitzaldi eta mahai-inguruak, ikusi eta ikasi, hezi eta hazi (esperientzien kontakizun komunak), entzun, eman eta parte hartu (tailerrak), azokak, performanceak, musika, animazioa eta ekimen ludikoak, jana eta edana...

 

Auzoak eta edukiak

Arlo bakoitzean martxan dauden alternatibak ezagutarazteko, urriaren 24an, "herriaren auzoak", eta eduki nagusiak zehaztu dira.

"Auzo" hauetan orotariko eragileak bildu eta euren artean koordinatu dira eta hasieran proposatu ziren oinarrizko lerroak erreformulatu egin dira. Horrela, bizitzaren iraunkortasunaren ingurukoa zeharlerro izatera pasatu da eta beste auzoetan egin du bere ekarpena.

Arragoa: auzo honetan, hizkuntza, hezkuntza eta kulturaren inguruko eztabaidak, azoka eta ekitaldiak egingo dira egun osoan.

Gure Gaia: naturarekin zerikusia izango duten tailerrak, eztabaidak eta azoka bilduko dituen gunea izango da.

AuzoEKOnomia: Ekonomia sozial eta eraldatzailearen inguruan saretutako eragileek eztabaidak eta azoka egingo duten auzoa izango da.

Demokrazia, Parte-Hartzea eta Burujabetza: Herrien eskubideen inguruan eta parte hartze demokratikoaren inguruan hausnarketa eta proposamen gunea izango da.

Bizitza Duinak eta Anitzak: Gorputz eta bizi eredu ez normatiboen esperientziak jaso eta zabalduko dituen aniztasunaren auzoa izango da.

alternatibenherria.eus

@alterherria

[2015-10-09] 'Alternatiben Herria' ekimena jai giroan aurkeztuko dute Bilbo Zaharrean

[2015-10-07] Ostiralean aurkeztuko dute Bilbo Zaharrean 'Alternatiben Herria' ekimena

[2015-09-24] Alternatiba bila, alternatibak bertan

[2015-09-21] Alternatiben aurrerapena

[2015-09-21] Hilabeteren faltan, 'Alternatiben Herria'-ren aurrerapena izango da ostegunean

[2015-09-15] "Alternatiba egiteko" crowdfunding kanpaina erraldoia abiaraziko dute

[2015-09-10] 1.000 alternatiba izatetik gertu

[2015-06-11] 'Alternatiben Herria' bihurtuko dute Bilbo urriaren 24an