Gaur aurkeztu den estrategiak "lanerako dokumentu" izan nahi du, "ibilbide orria", Herritarrentzako Arreta, Partaidetza eta Barrutien Saileko zinegotzi Gotzone Zaldunbideren hitzetan. Helburu bikoitza du dokumentuak: "Herritarrak udal-politikan eta kudeaketan partaide egitea eta Udala herritarren kezketan partaide".
Legegintzaldi honetarako garatu beharreko "euskarri garrantzitsuenetakoa" da Partaidetzarako Estrategia, Zaldunbideren arabera, gardentasunari buruzko web atari berria eta Jokabide Kodearekin batera. Proiektu horien guztien atzean dagoen Bilboko Udalaren erronka da "hiri parte-hartzailea eta irekia lortzea, auzokoak protagonistatzat hartzen dituena eta parte hartzeko sistema orekatua, gardena eta eraginkorra duena".
Udaleko gobernu talde berriak prestatu berri duen dokumentuak "asmo handiko jarduketa plan osoa" hartzen du bere baitan, eta herritarrak Udalbatzan partaide aktibo bihurrarazi nahi ditu. Eginkizun horretarako egungo araudia berrikusiko dute, eta "alderdi politiko guztiek horretan parte hartu beharko dute", Zaldunbidek adierazi duenez.
Gardentasuna eta komunikazioa
Zinegotziaren gaurko agerraldia proiektuaren atal garrantzitsuenak azaltzeko eta jakinarazteko izan da, hain zuzen, "herritarrek udal-kudeaketan parte hartzen dutela bermatzeko ahalik eta adostasun handiena lortzeari begira".
Asmoa "harreman-esparru berria" sortzea da, "Bilboko Udalaren eta herritarren arteko komunikazio etengabean, gardenean eta bi noranzkokoan oinarritzen dena, horrela herritarrek udal kudeaketan eraginkortasunez parte hartzea lortzeko. Udal-kudeaketa hurbildu eta gardenago bihurtzea" esan du zinegotziak, hau da, uneoro herritarrek uneko tresnak, bideak eta prozesu parte-hartzaileak ezagutzea lortzea, eta herritarrek prozesu berriak proposatzeko aukera izatea eta prozesu horien eta partaidetza egituratuko tresnen garapena eta emaitzak modu gardenean eskuratzea".
Ibilbide-orri berri horretan markatutako puntuen artean, hiru helburu estrategiko daude: Informazioa emateko eta kontsultatzeko tresnak eta prozedurak gehitzea; Gobernuak erabakiak hartzeko prozesua hobetzea eta legitimizatzea; eta Herritarrek kontu publikoetan duten esku-hartzea handitzea.
Ekintza-ardatzak
Horretarako, honako ekintza-ardatzak ere prestatu dira:
1.- Parte hartzeko aurretik dauden egiturak mantendu eta eguneratzea, prozesuak teknologia berrietara egokituta.
2.- Herritarren partaidetza zuzenagoa, gardenagoa eta eraginkorragoa sustatzea, horrela partaidetza bikaina lortzeko.
Urratsak
Bilboko auzokideen parte-hartzea lortzeko proposatu diren urratsen artean, honako hauek nabarmendu dira:
- Parte-hartzeari buruzko webgunea sortzea
- Herritarrek zuzenean parte hartzeko dituzten tresnak (ekimen motak, arloak...) aztertzea eta udal-araudia etorkizuneko legegintzaldietara egokitzea.
- Udalbatzako parte-hartzea arautzea (ahalbidetzea) (Udalbatzaren Araudia berrikustea).
- Parte hartzeko dauden organo eta bideak dituzten udal-araudiak berrikusi eta hobetzea (Barrutiko Kontseiluen eta Herritarren Partaidetzaren arauak…).
- Zuzenean parte hartzeko bideak indartzea eta prozesu mota bakoitzera egokitzea.
- Zuzeneko parte-hartzea sustatzea erakundeen/elkarteen bidez.
[2015-09-30] Udalak abian jarriko du gardentasunerako webgune berria
[2015-10-01] Udalak "herritarrengandik gertu dagoen" jokabide onerako kode berria aurkeztu du