Auzibidezko prozesu hau hasteak "bidean atzera egitea suposatzen du" Bilboko Udaleko EAJ, EH Bildu, Udalberri eta Gozen Bilbaok sinatu duten adierazpenaren arabera, eta "giroa gaiztotzen duen elementua da euskal gizartea normalizazio politiko osa lortzeko prozesuan ari den une honetan".
PSEk eta PPk izan ezik beste talde guztiek babestu duten testuak dio "apaiketa honi gutxieneko eta funtsezko oinarri juridikoa falta zaiola". Beraz, "ez zen sekula hasi behar edo, bere kasuan, kausak eta prozedurak artxibatuta egon beharko zuten, artxibatze honek justiziaren prestigio eta agintea berreskuratzen lagunduko zuelako, Euskal Herrian bake eta normalizazio prozesuari aurrera egiten laguntzeaz gain".
Beste garai batzuk gogoan
Gaur Audientzia Nazionalean hasi den Askapenako bost kideren eta lau elkarteren aurkako prozesuak "gogora ekartzen ditu 18/98 sumarioaren eta Euskaldunon Egunkariari edo Udalbiltzari buruzko sumarioaren garaiak", EAJ, EH Bildu, Udalberri eta Gozen Bilbaok argitara eman duten komunikatuan aipatzen denez. Prozesu hauek "ez zuten sekula hasi behar ezta martxan jarri ere, oinarri juridiko penalik ez zegoelako eta hasieran eta garapenean helburu eta oinarri politiko argia izan zutelako". Lau talde politikoen aburuz, "prozesu hauek justiziaz aparteko irizpideetan oinarritu ziren, besteak beste alde terroristako kidetza edo kolaborazio kontzeptuaren gainditzea, horretarako inolako oinarririk edo eta frogarik izan gabe. Prozesu hauetan auziperatuei ETAren militante izatea edo talde horrekin kolaboratzea egotzi zieten, lege barruan egiten zituzten jarduera kulturalak, kazetaritza lanak edo lan politikoak ETAren agindupean egiten zituztela argudiatuta. Hau dena egin zen PPren gobernua Alderdien Legea eta ondorengo ilegalizazio prozesuak egituratzera eraman zuen filosofia nagusitu zen testuinguru politikoan. Orain, haren jarraipena ikus nahi dute Askapena ilegalizatzearekin".
Urte batzuk beranduago, "historia berbera errepikatu da". Eta, gainera, epaiketa "bestelako testuinguru batean" garatuko da, hau da, "gaurko egoerak planteatzen dituen zailtasun eta konplexutasunen gainetik ere, bake eta normalizazio prozesua Euskal Herriko erakunde politiko eta sozial guztiek onartzen duten egoeran", EAJ, EH Bildu, Udalberri eta Gozen Bilbaoren iritziz.
Elkarretaratzea Bilbon
Gaur, hilak 19, 'Epaiketa politikorik ez! Askapena aurrera!' lelopean, elkarretaratzea deitu dute 19:30ean Arriaga plazan.
Auzia
Gaurtik azaroaren 2ra, Espainiako Auzitegi Nazionalak epaituko du Askapena herri mugimendu internazionalista "ETAko kanpo harremanetarako tresna izatea" akusaziopean. Askapenako bost kiderentzat -Walter Wendelin, David Soto, Aritz Ganboa, Unai Vazquez eta Gabi Basañez- seina urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak, eta honez gain Askapena, Bilboko Askapeña konpartsa, Elkar Truke eta Herriak Aske elkarteen legez kanporatzea.
[2015-10-19] Epaiketa politikoen amaiera eskatzeko elkarretaratzea egingo dute
[2015/10/02] Estatu espainiarra epaituko du gaur Bilboko Herriak Libre dinamikak
[2015/09/24] Bilbouni IAk Bilboko Herri Epaiketan parte hartzera deitu du
[2015/09/24] Manifestazioa, herri epaiketa eta kontzertuak 'Herriak Libre egunean'
[2015/08/31] Aste Nagusian ozen entzun da Askapeñaren aldeko aldarria
[2015/08/26] Askapeña konpartsa, jaiez, internazionalismoaz eta epaiketez
[2015/08/07] Jabier Ruiz eta Pedro Castillo, Askapeña: "Jaia ez dago desagertzerik"
[2015/04/23] Askapeña konpartsa: "Egotzi ahal diguten delitu bakarra internazionalistak izatea da"
[2015/04/20] Askapeña konpartsa babesteko dei bateratua egingo dute jai herrikoetako eragileek