Nafar hegoaldeko uzta garaia, hartu eta emateko sasoia

uriola.eus 2015ko urr. 21a, 09:45

Abiatu du Errigora egitasmoak udazkeneko kanpaina. Nafarroa hegoaldean nekazaritza-ekoizpena eta euskara bultzatu asmo dituen herri ekimena, hain zuzen ere. 'Hartu eta eman' leloarekin, produktu goxoekin osatutako saskia eskuratzeko hainbat lekutan egin ahalko dute bilbotarrek eskaria.

Nafarroa, euskara, kontsumo arduratsua eta herrigintza uztartzen ditu Errigora proiektuak. Elkartasunetik eta auzolanetik. Errigoraren kanpainari esker 'hartu eta eman' egin daitekeelako. Kontrakoak diruditen bi kontzeptu berdindu egiten dituelako. "Zergatik ez parekatu elkartasuna eta gozamena", galdera luzatzen diote jendarteari aurtengo kanpainaren baitan. Horretarako, elkartasuna eta gozamena parekatzeko, Errigoraren produktuen saskia eskuratzea da bidea "Hartu Errigoraren saskia eta eman bultzada Nafarroa hegoaldeko ekoizpenari, eman laguntza bertako euskalgintzari gure fruituen zukua edaten, eman kolorea gure geroari Nafarroako baratza dastatzen", dio kanpainak.

 

Saskia

Nafarroa hegoaldeko kalitatezko produktuez osatutako saskia eskaintzen du Errigorak 50 euroren truke. 15 ekoizlek "arreta eta maitasunez ondutako produktu sorta". Horixe da, kanpainan parte hartzea erabakiz gero, eskatzaileak hartuko duena. Baina ariketa honek norabide bikoitza du. Izan ere, keinu berean, hartu ez ezik, eman ere egiten delako. Batetik, bertako ekoizpenari bultzada ematen zaio, eta, bestetik, saskiaren balioaren %25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara bideratuko da.

Bertako ekoizpenari bultzada ematen zaio "15 ekoizleren atzean dozenaka langile eta ehunka nekazari baitago".

Euskarari dagokionez, aurtengoan diru ekarpena ondorengo hiru proiektuetara joango da:

• Lodosa eta Vianako ikastolen biziraupenera

• Erriberako AEKra

• D eredua Nafarroa osora hedatzeko ekimenetara

Hiru urtetan marka handia

Ez da edonolakoa hiru urtetan Errigorak lortu duen marka. "370.000 kontserba eta 88.000 litro olio banatu dira". Gutxi gorabehera, Errigoraren bidez zabaldutako produktuak 15.000 bat etxeetara iritsi dira. Errigorari esker lortu da Nafarroa hegoaldeak propio dituen produktuak Euskal Herriko plazan kokatzea, "urrunekoen ordez bertokoak kontsumitzeko". Nafarroa hegoaldean "euskara ofiziala ez den zonaldeko" euskalgintzari "bultzada ekonomikoa ematea" da Errigoraren beste lorpenetako bat. Gainera, lorpen horiek auzolanetik eta nazio-eraikuntzatik bideratu ditu Errigorak, "betiko" lan kolektiboan oinarrituz eta lan molde honen beharra eta indarra goraipatuz.

 

Eskariak Bilbon

2013an 1.500 saski inguru eskatu ziren Bilbon. 2014an eskaria mantedu egin zen, saskia eskuratzeko lekuak ugaritu ziren bitartean. 

Aurtengoan, azaroren 8a baino lehen egin behar dira saskien eskariak online edota aurrez aurre. Bilbon hainbat lekutan egin ahalko dira eskariak eta horietan azaroaren 18tik aurrera saskiak jaso ere. 

Besteak beste, honako lekuetan:

- AEK euskaltegietan

- Zenbait ikastola eta eskoletan: Abusu Ikastolan, Ibar Ezkerra Ikastolan, Karmelo Ikastolan, Kirikiño Ikastolan, Urretxindorra Ikastolan eta Intxixu Ikastolan.

- Zenbait elkarte, denda eta tabernetan: Akerrenea Taberna (Alde Zaharra), Errekaldeko Herriko Tabernan, Garoa Txokoan (Santutxu), Irin Gozoa Okindegian eta Santutxuko Herriko Tabernan. 

Kontsultatu eskariak egiteko lekuak: https://www.errigora.eus/non-eskatu 

 

#hartuetaeman

@errigora

www.errigora.eus

[2015/10/14] Errigoraren udazkeneko kanpaina gaur Bilboratuko da

[2014/11/20] Errigorak Bilbon sarea handitzea lortu du

[2014/11/10] Nafar hegoaldeko uzta Bilbon eskuratzeko azken txanpa