Azken atentatuen gaitzespena

uriola.eus 2015ko aza. 24a, 08:54

Argazkia: www.socialistasvascos.com

Bamakoko Radisson Blu Hotelak pairatu duen erasoan "izan diren biktimen senide eta urkoei bere elkartasuna adierazteko", Bilboko Udalak deituta, bost minutuko elkarretaratze isila burutu zen atzo eguerdian Udaletxeko eskaileretan.

Lehendakariaren eta EUDELen deiarekin bat eginez, bost minutuko isilpeko elkarretaratzea egin zuten bai erakundeetako ordezkariek bai herritarrek Bilbon, Udaletxeko eskaileretan eta inguruetan. Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztietako kideek parte hartu zuten ekitaldian, Aburto alkatea buru zutela.

EH Bilduk bere samina eta elkartasuna adierazi zien Bamakon (Mali) eta aurreko egunetan Nigerian izan ziren erasoetan hildakoei, zaurituei eta horien guztien senitarteko eta hurbilekoei. Zentzu horretan, EH Bildu harremanetan jarri da Maliko eta Nigeriako agintariekin, eta bere doluminak helarazi dizkie. "Era honetako erasoek sortutako egoerari sekurokrazian harago giza eskubideetan eta demokrazian oinarritutako parametroetan erantzun beharraz" hausnarketa egiteko deia egin du.

Euskal sozialistek elkartasuna agertu diete Maliko atentatuko biktimei. Idoia Mendiak, euskal sozialisten idazkari nagusiak, Bilboko udaletxeko eskaileretan burutu den elkarretaratzean parte hartu du.

Udalberrik ere gaitzetsi eta salatu du Maliko atentatua eta babesa eta elkartasuna adierazi die biktimei.

 

[2015-11-23] Maliko atentatua gaitzesteko elkarretaratzea deitu du Bilboko Udalak eguerdian