"Milaka eta milaka" lagunen irudia "iltzaturik" geratu da "guztion begietan", Teresa Toda Sarekidearen hitzetan. Pozik agertu da Sare larunbat arratsaldean Bilboko eta Baionako kale nagusiek eskaini zuten irudi horrekin. "Gorroto eta mendekuan oinarrituta dagoen espetxe politika anker bati ezetz borobila" esan ziotelako herritarrek. Eskertu egin die Joseba Azkarragak euren parte-hartzea. Baita manifestaziora joan ezin izan zutenei ere. Eta errespetua adierazi die "etorri nahi izan ez zutenei". Eskerrik beroena lanean jardun zuten 500 boluntarioei agertu die, "antolaketa bikaina" posible egiteagatik.
Bi egunera egindako balorazio gisa, dispertsio eta kartzela politikaren aurkako aldarrikapenaren esparrua "zabaltzen doa" Sareren aburuz. Manifestazioetako partaideen aniztasunak frogatzen du hori. "Adin, lanbide, ideologia eta jatorri desberdinak dituzten herritarrak" dira giza eskubide "guzti-guztien defentsan" bat egin zutenak larunbatean. "Gero eta gehiago" izateak babes eta animo gehiago eman dio Sareri konponbide eta bakearen bidean aurrera egiteko eta, abenduaren 20ko hauteskundeen emaitzek zabaldu duten eszenatoki politikoan, "mugimendua" eskatzeko bai aktore politiko berriei bai aktore zaharrei. "Larunbatean milaka lagunek zuzen-zuzenean galdegin zieten haiei. Konpontzeke dauden arazoei ezin diete usteltzen utzi". Azkarragaren esanetan, "eztabaiden agendara eta ondorengo akordiotara" bideratu behar dira pertsonen eskubideei zuzenean eragiten dieten gaiak.
Bada larunbateko mobilizazioari buruz "deskalifikazio edo mespretxuzko esaldiekin" hitz egin duenik ere. Horiengana ere zuzendu da Teresa Toda. "Ezikusiarena egiten badute ere, arazoak ez dira desagertuko", esan die. Kontrakoa gerta daiteke, "okerrera egingo dutela". Eskubide urraketa "hain luze eta larri baten aurrean, nor bere ekintzen zein bere isiltasunaren erantzule da".
Gogoeta "guztioi dagokigu"
Espetxeetako egoera, presoen zein haien senideen egoera, "arazo larria" dela gogoratu du berriro ere Sarek, "euskal jendarte osoari dagokiona". Hori dela eta, gogoetara deitu ditu herritarrak, alderdi politikoak, eragile sozialak, institutzioak -euskaldunak, espainolak eta frantsesak- eta mota guztietako elkarteak.
Euskal Herrian bizi izan den gatazkaren ondorioen konponbiderako "giltzarri den auzia" da presoena Azkarargaren arabera. "Oinarri politikoa duen arazo baten aurrean gaudela ez dugu ukatuko; presoen kolektibo zehatz bati buruz mintzo baikara. Baina, finean eskubideei buruz mintzo gara, giza eskubideei buruz".
Eskubideen aldeko trena Euskal Herritik Europara
Azken urteotan jendarteak izan duen bilakaeraz jabetuta, Sarek molde berriak lantzea erabaki du bere aldarrikapenak eta kezkak azaltzeko. Horrela, bihartik aurrera 'Hartu trena. Súbete al tren de los DDHH. Igo eskubideen aldeko trenera' dinamika jarriko du martxan, joan den larunbatean Bilbon eta Baionan "bildutako indar sozial itzela sostengatu eta bideratzeko". Euskal Herrian garatuko du dinamika, auzoz auzo eta herriz herri. Sektore anitzetako konpromisoen trenbide sareak osatzeraino. Mobilizazio handiei eusteaz gain, "egunerokoa, hurbilekoa, parte-hartzailea eta sormenetik eraikia den konpromisoen sarea" sortzea dute helburutzat taldekideek hurrengo hileetan.
Trenaren irudia erabiliko duen dinamika Europako erakundeetara ere zabaldu nahi du Sarek. Horietara eramango du "Espainiako Gobernuak eta Barne Ministerioaren transmisio korrea den justiziak buruturiko urraketa guztien salaketa". Urraketa horiek, barne legeak ez ezik, Estatu kide bezala, Europako legeak ez errespetatzean eta ez betetzean gertatu dira, Sareren iritziz. "Beti ere, prebarikazioaz ari gara" esan du Azkarragak.
Legelariek eramango dute salaketa hori Europako erakundeetara. "Landuta" eta "prest" dagoen salaketa da Azkarragak aurreratu duenez.
[2016-01-11] Jexuxmari Zalakain: Dueñasetik Zabalburura
[2016-01-11] Jendetza bildu da Bilbon eta Baionan dispertsioarekin amaitzeko eskatuz
[2016-01-07] Urruntasunari kilometroak kentzeko prest
[2016-01-05] Terrorismoaren Biktimak Babesteko Elkarteak Bilboko martxa debekatzeko eskatu du