Elkarteek hiru proposamen aurkeztuko dituzte Udalbatzarrean

uriola.eus 2016ko urt. 28a, 10:36

Solokoetxeko antenen aurka 2014an Udaletxean eginiko protestaldia

Hipotekak kaltetutako Kaleratzerik ez! elkartea izan zen Bilboko Udalbatzarrean hitza hartzen lehena. Gaur, hilak 28, Bilboko Udalbatzarrean herritarren hiru elkartek, nor bere ahots propioarekin, eskaera bana luzatuko diete zinegotziei. Yolanda Gozalezen plaza, Solokoetxeko telefonia mugikorreko antenak eta Bolintxuko harrobiko obrak izango dira mozioen oinarrian.

Deustuibarran dagoen plaza bati Yolanda Gonzalezen izena jartzeko eskatuko du gaurko Udalbatzarrean Euskaldunako Zubia auzo elkarteak, "justizia egiteko" eta "Memoria Historikoaren Legea betetzeko". Aurreikuspenen arabera, Udalbatzarreko gehiengoak mozioari babesa erakutsiko dio.

Solokoetxeko igogailuaren teilatuan kokatuta dauden telefonia mugikorreko antenak kentzeko eskaria luzatuko dio Udalbatzarrari IES Solokoetxe ikastetxeko gurasoen elkarteak. Antena horien erradiazioaren eraginpean dauden adingabeak eta auzotarrak babesteko beharra azpimarratuko dute, beste behin. "Alderdi guztien onespenarekin" mozioa onartuko den itxaropena du guraso elkarteak. "Egungo egoera hobetzeko aldaketak" espero ditu.

Bai IES Solokoetxe ikastetxeko gurasoen elkarteko kideak bai Solokoetxeko eta Alde Zaharreko auzotarrak 19:00etan kontzentrazioa egitekoak dira Udaletxeko eskaileretan. 

Hirugarren eskaria Ekologistak Martxan eta Abusu eta Buiako auzo elkarteena izango da. Bolintxuko harrobiko obren etenaldia eskatuko dute, "ingurugiroari zuzenki erasotzen diolako", eta batik bat Pagasarriko Plan Bereziari.