Ostiral gaua Plaza Eliptikoan kanpinean lo eginez pasa nahi zuten Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaiko plataformako kideek. Errefuxiatuei elkartasuna erakutsi nahi zieten ekintza horrekin. Baina Bilboko Udalak, Espazio Publikoaren Erabilerarako Bulegoaren bitartez, akanpadarako baimena ukatu dio plataformari. Horregatik larunbateko lehen jarduera Udaletxe aurrean protesta egitea izango da. "Udalaren jarrera salatzea".
Bilboko Udalak ezetza eman dio plataformari, "bestelako espaziorik eskaini gabe". Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformak adierazi duenez, Plaza Eliptikoan antolatu nahi duen jarduera "hirritarren sensibilizazio kanpaina baten baitan kokatzen da, hain zuzen ere, errrefuxiatuak pairatzen ari diren egoerari buruzko informazioa zabaltzeko asmoz Europako hainbat hiritan etengabe deitzen ari diren ekitaldietako bat da".
Ondoren, giza katea egingo dute Plaza Eliptikora arte. 11:45ean, hiru kolektibotako kideek 'Egungo errefuxiatuen egoera' izango dute hizpide hitzaldi-tailerrean. 16:30ean asanblada orokorra egingo dute Plaza Eliptikoan, 18:30ean giza katea Bilbon zehar, eta bukatzeko elkarretaratzea Arriaga plazan 20:00etan.
bizkaia.ongietorrierrefuxiatuak.info
Larunbatean, Eliptika, protesten gune
Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaiko plataformaren mobilizazioa ez ezik, larunbatean Bilbon beste bi mobilizazio ere izango dira. LAB sindikatuak 'Gure industriaren defentsan' lelopean manifestazioa egingo du eguerdian Jesusen Bihotzetik hasita. Plaza Eliptikora hurbiltzen direnean, "espazioa utziko diegu", azaldu dio URIOLAri Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformak.
Emakumeen Mundu Martxak Plaza Eliptikoan, H&M multinazionalak duen dendaren aurrean elkarretaratzea egingo du larunbat eguerdian. Rana plazan (Bangladesh) emakume langile ugarik baldintza prekarioan jarduten zuten lantegiaren hondamendiaren 3. urteurrena gogoratzeko protestaldia da. 'Nor da fashion victima' lelopean, ehungintzako langileentzat lan baldintza duinak bermatzeko eskaera egingo dute. Arropa erosle eta kontsumitzaileei, berriz, "arduraz" jokatzeko eskatuko diete.