Besteak beste hauek izan dira fiskalaren eskaerak: 19 urte Arantza Zuluetarentzat, 12 Jon Enparantzarentzat, 11 Naia Zuriarrain eta Julen Zelarainentzat, 10 Iker Sarriegirentzat, 9 Joxe Domingo Aizpuruarentzat, eta zazpina Saioa Agirre, Juan Mari Jauregi eta Nerea Redondorentzat.
2010eko apirilean Guardia Zibilak 3 abokatu (Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi) eta presoen aldeko lana egiten zuten beste 7 lagun atxilotu zituen ETA erakunde armatuarekin harremana zutela leporatuta. Ondoren, 2014ko uztailean, Auzitegi Nazionaleko Javier Gomez Bermudez epaileak auzipetu zituen eta Zulueta, Enparantza, Sarriegi, Zuriarrain eta Zelaraini "erakunde terroristako kide" izatea leporatu zien bitartean, gainontzekoei "talde armatuari laguntza ematea" egotzi zien.
Atzo fiskalak bederatzien eskaera zehaztu zuen, eta epaiketaren zain daude. Bilbotarrei begira, Zulueta 2014ko urtarriletik espetxean dago, isolamendu egoeran eta neurri berezien pean; Zuriarrain ordea, 2011ko martxoaren 3tik aske dago bere senideek 60.000 euroko bermea ordaindu eta gero. 2014ko urtarrilaren 16an Auzitegi Nazionalean inputatu gisa deklaratu zuen, EPPK-ko bitartekarien atxiloketen sumarioaren barruan eta baldintzapean aske geratu zen orduan ere.