Jone Artolari txupinera izateko ezarritako betoaren aurka errekurtsoa aurkeztu dute Udalak eta konpartsek

uriola.eus 2016ko api. 21a, 11:40

Argazkia: Iñigo Azkona

"Berdintasun eta neutraltasun politikoaren printzipioei" eutsiz, bai Bilboko Udalak bai Bilboko Konpartsak adierazi dute "joera ideologiko eta politikoengatik" ezin dela herritarrik baztertu.

Administrazioarekiko Auzien Bilboko 1. Epaitegiak emandako epaiaren arabera, "Bilboko Udalak Jone Artolari 2013ko Aste Nagusian txupinera gisa parte hartzeko emandako baimena ez dator bat Zuzenbidearekin, eta egintza administratibo hori deusezten du".

Bilboko Udalaren aurka, eta Bilboko Konpartsen 1978 Federakundea kodemandatu gisa, Estatuko Administrazio Orokorrak ezarritako administrazioarekiko auzi errekurtsoa erabat onartu duen epai hori atzo errekurritu zutela eman dute ezagutzera bai Udalak bai konpartsek komunikatu bateratu batean.

Nabarmendu dutenez, "ez dago oinarri juridikorik eta sozialik Bilboko Konpartsen txupinera aukeraketa eta ondoren Bilboko Udaleko Jai Batzorde Mistoari horren berri jakinaraztea horrelako prozesu juridiko batean amaitzeko".

Errekurtsoan, Udalak eta konpartsek "berdintasun eta neutraltasun politikoaren printzipioei" eutsi diete. Horrek, besteak beste, "haien joera ideologiko eta politikoengatik inolako herritar ez baztertzea dakar, beti ere, herritarren joera horiek zilegizkoak badira. Eta horrek, noski, ez du esan nahi Udalak eta konpartsek ideia edo iritzi horiekin bat etorri behar direnik".

Komunikatuan, Aste Nagusiko ikonoak "errespetatzeko" beharra azpimarratu dute. Horregatik "jai ezaugarri hauek" kanpoko beste mota bateko eztabaidaguneetara eramateak, "Aste Nagusiari ez diola ezer onik ekartzen" adierazi dute.

Aste Nagusia moduko "lorpena duen jai eredua" bultzatzen jarraituko dute Bilboko Udalak eta Bilboko Konpartsak. Batik bat, jai ereduak bilbotarren, bizkaitarren eta euskal herritarren "babes osoa" duelako, eta  nazioarte mailan "erreferentea" ere badelako.

 

[2016-04-08] Jone Artolari ezarritako betoak presoen senideak "kriminalizatzen" ditu Etxeraten arabera

[2016-04-04] 2013ko Aste Nagusian Jone Artola txupinera izatearen betoa berretsi dute

[2014-08-11] Jone Artola: “Iaz maitatua eta babestua sentitu nintzen, bilbotar guztien txupinera”

[2013-10-03] Jone Artola, 2013ko txupinera: “Errepikatzen eta errepikatzen ari naiz bilbotar guztiak konpartsero bihur daitezen”

[2013-07-04] Txori Barrote konpartsako Jone Artola mahatsorria aurtengo txupinera