Agur mekanotubo pasabideari

uriola.eus 2016ko mai. 5a, 09:00
Argazkia: facebook.com/soterramientoviasrekaldeya

Trenbidea luperatzeko lanek luze jo dute Iralan. Zortzi urteren ondoren, ekainean, "hilabete hasieran" Aburto alkateak iragarri duenez, kenduko dute oinezkoek erabili duten pasabidea. Maiatzean bertan erabili ahalko dute auzotarrek lurzoru mailako oinezkoentzako zebrabide berria.

Protesta ugari egin dute Iralako bizilagunek auzoan urtetan jasan dituzten FEVEren trenbidea lurperatzeko obren luzapena dela eta. Hainbatetan salatu du auzo elkarteak Bilbao Ria 2000en eta Bilboko Udalaren "utzikeria". Udalberri eta EH Bildu taldeek ere bat egin dute auzo elkartearen kexa eta eskakizunekin. Iralatarren aldarrikapenak Udalbatzarrera eramateraino. 

Besteak beste, arazo teknikoei arazo ekonomikoak eta administratiboak erantsi zaizkie bide luze honetan. Batetik, lurraren baldintzek zaildu egin dutelako obra eta, bestetik, zorra berriro finantziatu beharrak euskal erakundeen eta Gobernu zentralaren arteko tentsioak bideratu arte itxaron behar izan delako. 

Obra horren adibide da Jaen eta Diaz Enparanza kalen artean, Ametzola eta Errekalde auzoak lotzeko, behin-behineko pasabide gisa altxatu zen mekanotubo egitura 2008an. Hesiak gehitu zizkioten 2012an. Behin-behineko pasabidea zortzi urtez erabili dute auzotarrek. Atzo, Aburto alkateak jakitera eman zuenez, pasabide hori ekainean desagertuko da trenak ibilbide berrira bideratzean. Horrela erabaki du Bilbao Ria 2000 erakundeak bere azken Administrazio Kontseiluko bileran. Pasabidearen ordez, maiatzean bertan, lurrazal mailako zebrabide bat atonduko dute oinezkoen joan-etorrietarako. 

Mekanotubo egitura ez da berehalakoan desagertuko. Izan ere, tentsio ertaineko kable bat pasabidera lotuta dago, eta kablea kentzeko lanak Iberdrolari dagozkio. 

EH Bilduk albistearen erabilpen politikoa salatu du, zortzi urtez erabilia izan den mekanotubo pasabidearen erretiratzea "garaipen gisa saltzeagatik". Kale Nagusian "horrelako zerbait onartuko litzateken" galdera eginez kritikatu du koalizioak erakunde publikoen utzikeria Irala auzoan. 

 

Gune berria

Trenbidea lurperatzeko lanak erabat bukatzean, espazio zabala irabaziko du Irala auzoak. Eskurtze plazaren eta Gordoniz kalearen arteko gunea, 27.000 metro karratu, hain zuzen ere. Gune horrek izan ditzakeen erabilpenei buruz hitz egin eta iritziak partekatzeko elkartu ziren duela aste batzuk Aburto alkatea eta 300 bat auzotar. Bilboko Udalak sei milioi euro bideratuko ditu gune hori urbanizatzera.

 

[2015-11-10] Irala auzoaren berreskurapenaren hasiera

[2015-10-29] Iralan FEVE lurperatzeko lanen bukaera lortzeko konpromisua lortu dugu Udalberri eta Auzo Elkartearekin batera

[2015-10-26] Iralako obren bukaera zehaztea eta bizilagunek Eskurtze plaza berreskuratzea exijitu dute EH Bilduk eta Udalberrik

[2015-10-02] Iralaren ErreXistentzia

[2015-10-02] Iralako auzotarrek manifestazioan aldarrikatuko dute obren amaiera

[2015-04-24] Obrekin "pazientzia agortuta", manifestazioa burutu dute Irala eta Errekaldeko auzotarrek