Bizkaibuseko langileek bi orduko lanuztea egingo dute arratsaldean ere

uriola.eus 2016ko mai. 9a, 13:41

Busturialdeko lineari izan ezik, gainerako Bizkaibuseko lineei eragingo die sindikatuen deialdiak. Arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara gutxiengo zerbitzuak izango dira martxan. 

Negoziazio mahaian aurrerapenik izan ez dutela eta, bi orduko lanuzteak egingo dituzte gaur Bizkaibuseko langileek goizeko eta arratsaldeko txandetan. Aurreko astelehenean bezala, gaur goizeko deialdiak jarraipen zabala izan du eta, ondorioz, Bizkaibuseko erabiltzaile asko garraio zerbitzu gabe geratu dira. Ilara luzeenak Leioako EHUko campusera joateko geralekuetan sortu dira.

UGT, CCOO, ELA, LAB, LSB-USO eta lan batzordeen arabera, Bizkaibusen zerbitzua kontsezio bidez kudeatzen duten enpresek "lan hitzarmen desberdinen nahasketa" baliatu dute beharginen "lan baldintzak prekarizatzen saiatzeko". Horrezaz gain, aurretiaz aldeek sinatutako akordioa "haustean" eta lanpostuen "amortizazio kasuetan", Bizkaiko Foru Aldundiak "beste alde batera begiaratzen jarraitzen duela" salatu dute. Foru erakundeak "gaztazkatik aldedun nahi du 'lan arazo' izena emanaz gertatzen denari". Sindikatuek eta lan batzordeek adierazi dutenez, Bizkaiko Foru Aldundia izan zen "2013ko urrian indarrean zeuden lanpostuen jarraipena eta ez amortizatzeko adostasuna sinatu zuena". Bada, ez da sinatutakoa betetzen ari, "lanpostuak amortizatu baitira, 2013an eta 2014ko akordioak hautsiz". 

Bizkaibuseko lineak kudeatzen dituzten bost enpresetako lautan egin dute bat lanuzteekin sindikatuek. Bustuarialdean zerbitzua eskaintzen duen BLB enpresak adostu du aurre akordioa langileen batzordearekin.

Goizeko lanuztean parte hartu duten langileek 10:00etan foru jauregiaren aurrean elkarretaratzea egin dute eta ondoren Garraio Saileko egoitzara arte manifestazioa egin dute. 

 

Maiatzeko lanuzteak

Maiatzaren 9, 12, 16, 18 eta 20an (ordu biko lanuzteak 07:30etik 09:30era, goizez, eta 18:00etatik 20:00etara, arratsaldez).

Maiatzaren 23, 24, 25 eta 26an (hiru orduko lanuzteak 07:00etatik 10:00etara, goizez, eta 17:30etik 20:30era, arratsaldez).

Maiatzaren 30ean eta 31n eta ekainaren 8, 9 eta 10ean (lau orduko lanuzteak 07:00etatik 11:00etara, goizez, eta 17:00etatik 21:00etara, arratsaldez).

Gutxieneko zerbitzuak izango dira lanuezteek iraun bitartean.

www.bizkaia.eus

 

[2016-05-04] Ordu biko lanuzteak egingo dituzte Bizkaibuseko langileek goizez eta arratsaldez

[2016-04-18] Bizkaibuseko langileak greban maiatza eta ekainean

[2016-03-30] Sindikatuek Bizkaibus enpresekin adostutako akordioa bete ez dela salatu dute

[2014-12-23] Aldundiak lanpostuak ziurtatzen ez baditu, baliteke Bizkaibus berriro grebara joatea

[2014-11-04] Bizkaibuseko akordio berretsi dute Bizkaiko Foru Aldundiak, sindikatuak eta enpresek

[2014-10-31] Aldundia eta sindikatuen arteko aurreakordioak bertan behera utzi du Bizkaibuseko greba

[2014-10-30] Manifestazio jendetsua Bizkaibusen gaztakaren konponbidea eskatzeko