LAB: "Bizkaiko Foru Aldundia da Bizkaibuseko lanuzteen arduradun nagusia"

uriola.eus 2016ko mai. 13a, 13:44

Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraio zuzendaritzan gaur egun diharduten Vidal Martinez eta Vicente Reyes PSEko kudeatzaileen sozialisten "arduragabekeria larria" salatu du LAB sindikatuak. "Dirudienez, EAJ eta Bizkaiko PSEkoen artean egin duten kromo aldaketan, duela ia bi urte Bizkaibuseko langile guztien borrokari esker lortu genituen akordioak paper artean galdu omen dira".

Bizkaibuseko zerbitzuaren emakidak jaso dituzten enpresek bermatuta dituzte Bizkaiko Foru Aldundiak esleitu dituen partiden %6ko mozkinak, "15 urteko gehiegizko aldi baterako". Aipatu mozkinari, "Bizkaiko Foru Aldundiaren eta honen kudeatzaileen isiltasuna lagun", egiten ari diren lanpostuen amortizazioa gehitu behar zaio.

Garraio Sailaren gidaritzan "ez dago inor" sinatutakoa betetzeaz arduratzen dena, ez eta enpresei lanpostuak amortiza ez daitezen eta Bizkaibusen, azpikontraten bidez enplegua prekariza ez dadin eskatzeaz arduratzen dena.

LABek Bizkaiko Foru Aldundiari dei egiten dio "arduraz" joka dezan, eta enpresei "adostutakoa betetzea" eska diezaien. Horrela "langileok, Bizkaibusen bidez ematen dugun zerbitzu ona hondatzen eta deitu ditugun lanuzteak bertan behera utziko lituzketen negoziazioei ekingo genieke".

"Aldundiak badaki autobus eta linea batzuk falta direla eta sartzeke daudela, gidaritzan lanpostuak suntsi ez daitezen. Modu berean, jakin badaki gidatzeari lotzen ez zaizkion gainontzeko arloetan, 60 lanpostutako galera izango dela. Haiek lanpostuak ez zituztela amortizatuko agindu zuten. Ez dira hitza betetzen ari, eta ez dute betearazten".

Aldundiak sinatu zuen akordioa betetzeko duen gogoa "hutsaren hurrengoa da". Alde batetik, aurrekontu partidak oraindik lanpostuak amortizatzeko diru-kopurua jasotzen duelako, eta bestetik, enpresei ez dietelako eskatzen lanpostuen suntsiketa eragoztea. 2013. urtean, Aldundiak agindu zuen eutsi egingo ziela hauei, egiturari lotuak zeuden lanpostuak errespetatuko eta kuantifikatuko zituztela.

LABek datu hauek ditu eskuartean, aurreko Garraio Zuzendaritzari eman zizkion. "Ederto ezagutzen dituzte kopuruak eta zenbat lanpostu amortizatu gura dituzten, jakin badakite zer sinatu zuten eta itun haiek ez dituztela betetzen, eta haien asmoa Bizkaibuseko zerbitzua prekarizatzea dela".

Zerbitzuaren prekarizazioa "ez da epe motzean nabarituko", baina gidatze lanetakoak ez diren lanpostu askotan galerak izan ostean, autobusen mantentze-lana murriztuko da etorkizunean: "Amortizatu gura dituzten lanpostu erdia tailerreko langileei dagokie, eta hauek arduratzen dira autobusak gidatzeko baldintza onetan egon daitezen".

Guzti horregatik, LABek argi adierazi nahi du Bizkaiko jendartearen aurrean, "ez garela lan gatazka huts batez ari, Aldundiak gezurra esaten diola jendarteari hori esatean". LABek ez du gatazka honen amaiera balioztatuko lanpostuak ziurtatu ezean, "horiek bermatzen dutelako Bizkaibusen zerbitzu ona eskaintzen dela. Gatazka ez da amaituko lan baldintzak kaskartuko ez direla ziurtatu ezean. Ez dugu utziko ez lanposturik, ez eta Bizkaibuseko langilei dagokien eskubide bakar bat ere zapuztu dadin, horixe adostu dugulako gainontzeko sindikatuekin".

 

Maiatzeko lanuzteak

Maiatzaren 16, 18 eta 20an (ordu biko lanuzteak 07:30etik 09:30era, goizez, eta 18:00etatik 20:00etara, arratsaldez).

Maiatzaren 23, 24, 25 eta 26an (hiru orduko lanuzteak 07:00etatik 10:00etara, goizez, eta 17:30etik 20:30era, arratsaldez).

Maiatzaren 30ean eta 31n eta ekainaren 8, 9 eta 10ean (lau orduko lanuzteak 07:00etatik 11:00etara, goizez, eta 17:00etatik 21:00etara, arratsaldez).

%30eko gutxieneko zerbitzuak izango dira lanuezteek iraun bitartean.

www.bizkaia.eus

[2016-05-12] Lanuzteak Bizkaibusen

[2016-05-09] Bizkaibuseko langileek bi orduko lanuztea egingo dute arratsaldean ere

[2016-05-04] Ordu biko lanuzteak egingo dituzte Bizkaibuseko langileek goizez eta arratsaldez

[2016-04-18] Bizkaibuseko langileak greban maiatza eta ekainean

[2016-03-30] Sindikatuek Bizkaibus enpresekin adostutako akordioa bete ez dela salatu dute

[2014-12-23] Aldundiak lanpostuak ziurtatzen ez baditu, baliteke Bizkaibus berriro grebara joatea

[2014-11-04] Bizkaibuseko akordio berretsi dute Bizkaiko Foru Aldundiak, sindikatuak eta enpresek

[2014-10-31] Aldundia eta sindikatuen arteko aurreakordioak bertan behera utzi du Bizkaibuseko greba

[2014-10-30] Manifestazio jendetsua Bizkaibusen gaztakaren konponbidea eskatzeko