Babesa Fresnesera

uriola.eus 2016ko mai. 27a, 08:35

Argazkia: topatu.eu

Maiatza hasieran Fresneseko kartzelan presoen eskubideen defentsan hasitako protestaldiak ondorio latzak utzi ditu. Hilabete amaieran gatazka konpondu gabe dago, eta euskal presoen egoerak okerrera egin du nabarmen. 

26 egun daramatza Itziar Moreno presoak isolamenduan eta 5 egun gose greban. 18 egun daramate gose greban gizonezko moduluko bost euskal presok. Gaur arratsaldean Euskal Herritik autobusean abiatuko dira hainbat lagun babesa ematera Paris hegoaldean kokatuta dagoen espetxera. Bihar, larunbata, isolamendu neurrien amaiera aldarrikatuko dute espetxe atarian. 

Bilbon, San Nikolas eliza paretik irtengo da 20:00etan Fresneserako autobusa. Hori baino lehen, hileko azken ostirala izaki, 'Euskal presoak eta iheslariek etxera' lelopean ohiko bi elkarretaratzeak deitu ditu Etxerat elkarteak; 18:00etan Sabin Etxearen aurrean eta 19:30ean Arriaga plazan. 

Larunbatean, berriz, Fresneseko kartzelan euskal presoek bizi duten egoeraren berri emateko, 21:00etan irtengo da "zutabe informatiboa" Santiago plazatik. 

 

Ia hilabete luzatu den borroka 

Fresneseko kartzelako funtzionarioei preso sozial eta politikoek eginiko plantearen "bultzaitzaile eta ordezkari izateagatik", maiatzaren 2tik isolamenduan zigortuta daukate Itziar Moreno. San Inazioko presoa isolamendutik atera arte Fresneseko kartzelako gizonezko moduluko bost euskal presoak baraualdian daude maiatzaren 10etik. Horietako bat, Zorrotzako Saul Kurto da. 

Aste honetan, Fresnesko kartzela zuzendaritzak lekuz aldatuko dutela jakinarazi dio Itziar Morenori. Ez diote lekua eta data zehaztu. Etxeratek jakinarazi du isolamendu egoeran jarraituko duela bitartean. Egoera salatzeko, Morenok gose greba hasi zuen astelehenean.

Frantziako beste kartzela batzutako euskal presoek ere bat egin dute baraualdiarekin.  

 

[2016-05-25] Iritzia, Sare-Santutxu: Itziar Moreno euskal presoa isolamendu egoeratik atera behar dute

[2016-05-24] Gose greba hasi du Itziar Moreno euskal presoak Fresnesen