Europara babes eta etorkizun bila iritsi diren pertsonak Turkiara kanporatzeko akordioa bertan behera uztea "geroz eta beharrezkoagoa da" Greziarako Karabanan parte hartu duten kideen esanetan. Ez dute migratzaile eta errefuxiatuen arteko desberdintasunik egin nahi, izan ere "denek behar dituzte beraien eskubideak babesturik izatea". Grezian ezagutu duten errealitatearen berri eman nahi dute, eta batik bat, emakumeen egoeraz ohartarazi: "Arrisku berezia bizi dute emakumeek". Salaketa egitea eta pertsona horiek pairatzen duten egoera ezagutaraztea izan da karabanaren lehen helburua. Gogorra izan da "pasaden mendean garatutako araudi ahula bazterrean geratu dela bertatik bertara ikustea".
Bi motako migratzaile edo errefuxiatuen gune ezagutu dituzte Grezian. Batetik, "hemengo CIES zentroen antzekoak daude". Horrelako guneetan "pertsonak preso daude, ezin dute irten". Bestetik, badira zentro "zabalagoak", eta horietan ere baldintzak "oso zailak" dira, "kaskarrak". Azken hauetan dago pertsona gehien. Batean zein bestean "osasunerako agintariek salatu dute gune horietako egoera arriskutsua izan daitekeela barruan dauden lagunentzat". Greziako gobernuak ez dio errealitate horri jaramonik egin.
Errefuxiatu batzuk etxe okupatuetan ere bizi dira Grezian. Eurekin batera daude elkartasuna adieraztera hurbildutako zenbait pertsona. "Horietako hiru etxe itxi ditu Gobernuak, eta operazioan atxilotuetako lagunak askatzen hasi dira".
Indar metaketa handiagoa politikak aldatzeko
Migratzaile edo errefuxiatuekiko elkartasun sarea osatzen eta sustatzen ari da Euskal Herrian, Espainiako Estatuan eta Europan zehar. Karabanak iraun duen hamar egunetan izan dira sare horren dimentsioaren lekuko.
Sare horretako kideen beste helburuetako bat da migrazio eta asilo politikak aldatzea. "Ez dugu lortu" -diote-, baina indartzea lortu dute. "Karabanatik indaberriturik itzuli gara, gure borrokarekin jarraitzeko prest. Horretarako indar gehiago metatu behar ditugu".
Behin etxean, agerraldia egitea nahi izan dute gizartean zabaltzen ari den diskurtsoari "buelta osoa" emateko. Hain zuzen ere, "gehiegikeriak multzo berean sartzen dituen diskurtsoa" salatu dute. Diskurtso horren arabera, migratzaile eta errefuxiatuak, "erasotzaile bezala aurkezten dira, gure etsaiak balira bezala". Karabanako kideen aburuz, "indarkeriaren biktima nagusiak" direnean. Estrategia horrek jendartea "elkarren kontra jartzea" du xede. Diskurtso horri eman behar zaio "buelta osoa". Horretarako bidea "giza eskubideen defentsa egiten jarraitzea" eta "presionatzen jarraitzea" da, bai Madrileko Gobernuak bai Euskal Herriko erakundeak "euren esku dagoen guztia egiteko".
[2016-07-15] Mugak zabaltzeko karabana abian da errefuxiatuei elkartasuna adierazteko
[2016-07-01] Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaiko plataformak jaialdia antolatu du biharko
[2016-04-20] HIZPIDEA: Ekialdeko errefuxiatuen aldeko ekimenak Bilbon
[2016-04-19] Errefuxiatuen alde hainbat ekimen antolatu dituzte larunbatean