Asier Garcia bilbotarrak XV. Joko Paraolinpiarretan parte hartuko du Rion

uriola.eus 2016ko ira. 7a, 10:02

Ezkerretik eskubira Amadou Tijane, David Mouriz eta Asier Garcia (Argazkia: bilbaobsr.com)

"Ilusioz" egingo dio aurre Asier Garciak bere bigarren esperientzia olinpiarrari. "Saritzat" du Rioko parte-hartzea. Guztira, Bidaideak Bilbao BSR gurpil-aulkiko lau jokalarik jokatuko dute Joko Paraolinpiarretan. Asier Garciarekin batera, Amadou Tijane, David Mourizek jantziko dute Espainiako selekzioko elastikoa eta Joshua Turek jokalariak berriz AEBetakoa. 

1996tik Joko Paraolinpiarretan sailkatu gabe zegoen Espainia 2011n lortu zuen arte. "Ikaragarria izan zen saikapena lortzea eta 2012an Londresen egotea", Asier Garciaren (Bilbo, 1981) hitzetan. "Ordezkatzen duzunagatik baino, norbere esfortzuagatik" batez ere. Joko Paraolinpiarretan parte hartzea "kirol mailan dagoen lorpenik handiena da. "Saria". Behin joatea "itzela" izan bazen, bigarrenez joatea "ametsa" da. Londresen lortutako bosgarren postua hobetzea du amets.  

Gurpil-aulkiko saskibaloi partiduak Rioko Arena Carioca 1 eta Arena Olimpica egoitzetan jokatuko dira irailaren 8tik 17ra bitartean.

Irailaren 8an Espainiako selekzioak (A taldean) Canadaren aurka jokatuko du (Brasilgo 21:30ean); irailaren 9an Japoniaren aurka (Brasilgo 15:45ean); irailaren 10ean Turkiaren aurka (Brasilgo 10:00etan); irailaren 11n Australiaren aurka (Brasilgo 09:30ean); eta irailaren 12an Herbereen aurka (Brasilgo 17:30ean).
 
Finalerdiak irailaren 15ean izango dira; hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partidua irailaren 17an Brasilgo 11:45ean eta finala egun berean 17:30ean. 

 

Lau euskaldun 4.350 kirolariren artean

Brasileko XV. Joko Paraolinpiarretan guztira lau euskal kirolari lehiatuko dira. Asier Garciarekin batera, Rakel Mateo (triatloia), Amador Granados (errepideko eta pistako txirrindularitza) eta Iñigo Llopis (igeriketa), hain zuzen ere.

Guztira, desgaitasun fisiko edo intelektualen bat daukaten 175 herrialdetako 4.350 kirolari lehiatuko dira.

Jokoek iraungo duten 11 egunetan, 528 proba jokatuko dira; horietatik 264 gizonezko probak izango dira, 226 emakumezko probak, eta 38 proba mistoak. Norgehiagokak 20 egoitzetan antolatuko dira, Rioko lau esparrutan banatuta: Barra (12), Deodoro (3), Copacabana (3) eta Maracana (2).

 

[2016-09-07] Lau euskal kirolari lehiatuko dira Brasilen XV. Jojo Paralinpikoetan

[2016-06-02] Asier Garcia, Bidaideak Bilbao BSR: “2012tik taldeak ez dio hazteari utzi”