Iñaki Barcena: “Euskal Herriko egoera pribilegiatua baliatu behar dugu bestelako eredu bateranzko trantsizioa saretzeko”

bertonaldizkaria 2016ko urr. 11a, 10:00
Argazkiak: Humberto Bilbao

Lur planetak egun bizi duen “larrialdi ekologikoari eta larrialdi sozialari” erantzuteko antolatu dituzte hainbat eragilek, tartean Ekologistak Martxan elkarteak, III. Nazioarteko Topaketa Ekosozialistak Bilbon. Irailaren 23 eta 25 artean, 400 lagun inguru elkartu dira “bestelako eredu bateranzko trantsizioa” saretzeko. Topaketa bukatu orduko Iñaki Barcena Ekologistak Martxan elkarteko kidea eta EHUko irakaslea prest agertu zaigu ondorioen berri emateko. 

III. Nazioarteko Topaketa Ekosozialisten amaieran manifestu bateratua adostu duzue partaideek. Zergatik diozue larrialdi ekologikoa eta larrialdi soziala lotuta daudela?

Egungo koiuntura berezia delako. Esaterako, ekoizle nagusien artean dagoen lehiagatik jaitsi da petrolioaren prezioa. Behe prezioen politikak Errusia, Mexiko edota Venezuelan izugarrizko eragin negatiboa du, batik bat petroliotik bizi diren herriak direlako. Bada, gure ustez, ezin dira bereizi energiaren krisia eta Errusia, Mexiko edota Venezuelan gertatzen dena. Beste adibide bat aipatzearren, klima aldaketaren arazoa guztiz lotuta dago egun Sirian, Afganistanen edo Afrikan gertatzen diren goseteekin, emigrazioarekin eta gerra egoerarekin.

Tokian tokiko eta nazioarteko erantzunak ere lotuta daude.

Egia da, nazioarteko ikuspuntu batetik ari garela, eta nazioarteko topaketak izan direla; hori da abiapuntua. Gero, nazioz nazio, herriz herri, mugimenduz mugimendu jorratu ditugu gaiak. Izan ere, nazioarteko sare moduan batu gara, baina nolabait Euskal Herriaren herri ikuspuntua galdu gabe. Topaketara etorri dira andaluziarrak, katalanak, portugaldarrak, suitzarrak, frantziarrak, brasildarrak, bolibiarrak… Badakigu bakoitzak bere lekuan zelako lana egin behar duen mezu eta praktika hauek zabaltzen. Lokala eta globala, nazioarteko dimentsioa eta nazionala batera doaz. ‘Txokora’ eta ‘antxora’ jokatu behar dugu, dudarik gabe.

Bestelako eredu bateranzko trantsizioa egin beharra dagoela diozue, eta horretarako ezinbestekotzat jo duzue herrien eta pertsonen ahalduntzea. Zer esan nahi du horrek?

Energia, pertsonen zaintza, droga edo dena delako arazoen aurrean, gure erakundeen irtenbidea beti da adituak biltzea eta aurrekontu jakin bat bideratzea adituen jarraibideak programa batekin praktikara eramateko. Guk pentsatzen dugu bide okerra dela, eguneroko lanean, kontrastean, eskarmentua duten herritarrak izan behar direla abiapuntua. Krisi sozial eta ekologiko honen aurrean gizarte mugimenduen eztabaidak eta praktikak ehundu behar direla programa berriak sortzeko. Hau da, abiapuntuak ez dira jakintsu-adituak, herrigintzako taldeak baizik. Ez dugu baztertzen intelektual, unibertsitari eta hainbat esparrutako kideekin harremana izatea, baina lagungarri moduan. Muskizen koke lantegiarekin edota Gipuzkoan errausategiarekin lanean ari diren gizarte mugimenduen datuak, ezagutzak eta kritikak kontutan hartuta sortu behar ditugu programak.

Manifestuan aipatu duzue sindikatuek protagonismo handia izan dezaketela bestelako eredu bateranzko trantsizioan. Zer dela eta?

Lehen topaketa ekosozialistak Genevan egin ziren duela bi urte. Iaz Madrilen, eta aurten Euskal Herrian, Bilbon. Aurreko urteetan baino askoz jende gehiago elkartu gara. Guztira, 20 bat elkarte desberdin egon gara lanean, eta hor oso nabarmena izan da Euskal Herriko sindikatuen presentzia. Gure eredu sindikala oso berezia da. Gure gehiengo sindikalak, ekosozialismo feministaren aldekoak, oso paper garrantzitsua jokatzen du. Sindikatuak erdigunean kokatzen dira aldaketa sozial eta ekologiko baterako edozein proiekturen aurrean: AHT dela, koke planta dela, Gipuzkoako errauskailua dela, garraio-politika dela, energia-politika dela edota industria aldaketak direla. Hurrengo urteetan hainbat industria esparru aldatuko dira, batzuk pikutara joango dira, eta pentsatu behar ditugu beste ekoizpen era batzuk eta beste proiektu batzuk. Adibidez, energia berriztagarriak, bidegorriak edota ibilgailu elektrikoak. Eta hor sindikatuak egoteak asko markatzen du. Euskal Herrian egoera pribilegiatu batean gaude soziopolitikoki, eta hori baliatu behar dugu. Munduko beste lekuetan sindikatu nagusiak eta gogorrenak oraintxe hasi dira egiten horrelako hausnarketa soziekologikoak.

Ekoizteko eta kontsumitzeko moduan “errotiko aldaketa” eskatzen duzue. Bereziki, baliabide naturalen eta ondasun kolektiboen kudeaketa komunitateen esku egon dadila.

Ikasi dugun zerbait da, batez ere, Euskal Herrian. Duela 200 urte, liberalismoa eta industrializazioa hasi zirenean, hemen lur, ur eta baso komunalak defendatu ziren. XIX. mendetik aurrera arlo komunalak ziren horiek nola pribatizatu diren ikusi dugu. Hori globalizazioarekin mundu osoko fenomeno bihurtu da. Prozesu horretan tribu, leinu eta nezkazal eremuetan bizi izan direnei euren lurrak, basoak eta ura pribatizatu dizkiete. Gure iritziz, pribatizazio fenomeno horri galga jarri behar zaio. Euskal Herrian, adibidez, banku publikoak izan ditugu; aurrezki kutxak. Duela gutxi pribatizatu dira. Hor desjabetze prozesu bat izan da, eta horren aurka sindikatu batzuk agertu dira eta alde beste batzuk. Prozesu horiek aztertu nahi ditugu, agerian jarri nahi ditugu eta indarrak bildu nahi ditugu pribatizazio prozesuak nolabait gelditzeko, kontrako fenomeno bat martxan jarriz berriz ere esku publiko eta komunitarioetan ipintzeko. Azken 30 urteetan oso biziki izan dugu eskola publikoaren eta pribatuaren eztabaida gure artean. Izan ere, prozesu horrek ez dio soilik materiala denari eragiten, baita hezkuntzari, banketxeei edota osasungintzari ere.  

Merkataritza askeko itunen (TTIP, CETA, TISA…) aurka borrokatzeko deia egin duzue.  

Uholde neoliberalarekin datozen ondasun publiko eta komunitarioak pribatizatzeko erasoak dira TTIP, CETA eta bestelako itunak. Horien aurrean jakin behar dugu nola erantzun, nola lortu aliantzak eta nola indarrak batu, eraso horiek oso bortitzak baitira. Topaketan, oso modu pedagogikoan azaldu zuen Juan Hernandez Zubizarretak TTIP ituna ez dela martxan jarriko Frantziako gobernua ez dagoelako ados, Europar Batasunaren (EB) baitan dagoen konpetentziagatik eta negozioen arlo desberdienen arteko borrokagatik. Bestetik, aurkako mobilizazio oso handiak egon dira, hemen ere bai, sindikatuen aldetik, gizarte eragileen aldetik eta globalizazioaren aurkako taldeen aldetik. Hernandezek zioen ez dela akordio bat eta bakarra, ehunka akordio komertzial ari direla martxan jartzen. Horiek guztiek logika bat daukate, eta logika hori da apurtu beharrekoa. Bere esanetan topaketan oso gutxi jorratu dugu EBeko proiektua bera. Egun, gu marko horretan mugitzen gara, hor diseinatzen dira itun horiek, estatu nazioen gainetik dauden erakundeek negoziatzen dituzte modu ilunean, eta bada momentua pentsatzeko hori nola eten. Hernandezek dio, independentista den aldetik, ea EBeko beste kide bat izan nahi dugun edo ez. Hori pentsatzekoa da. Hego eta ipar Euskal Herrian galdetuz gero, jendearen gehiengoak EBean jarraitu nahi duela esango du, baina proiektu horrek zer dakarkigu benetan? Horra hor hausnarketarako gaia. 

Erakundeetara trantsizio ekosozialaren aldeko lege proposamenak eramateko konpromisoa hartu duzue.

Hori da ekiteko bide bat. Batzutan energia, zientzia edota osasungintzari lotutako lege bat izatea udal, erkidego edo estatu mailakoa oso garrantzitsua da. Legeekin batera aurrekontu batzuk datozelako eta defentsa moduan erabil daitezkeelako. Mundu soziala, mundu ekologikoa, mundu politikoa eta mundu juridikoa batera joan behar dira. Adibidez, aldaketa klimatikoa dela eta, batzuk diote Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarrean lege klimatiko bat bultzatu behar dela gure erkidegoetan gure konpromisoak aurrera eramateko eta horrek eragina izateko garraio-politiketan, energia-politiketan edota lurraren antolamenduetan. Lege proposamena egitea gauza onuragarria da. Mobilizazioak ere bai eta kanpainak ere bai. Jokatzeko bide desberdinak daude. Euskal Herrian Eskubide sozial eta ekologikoen karta egin da, eta hori aurrekari bat da.

Euskal Herrian “ekintzaile belaunaldi berri bat” eta “erresistentzia forma desberdinak” jaiotzen ari direla diozue eta adibide gisa jarri dituzue Eskubide sozial eta ekologikoen karta eta Alternatiben Herria bezalako ekimenak. Aipatu gehiago.

Kontsumo taldeak, kooperatiba energetikoak, zenbait herri ikasteetxeetako jantoki eredu berriak… Xabier Zubialdek bere azterketan energia subiranotasuna jorratu duten 120 esperientzia bildu ditu Euskal Herrian. Goiener izan daiteke bat. Beste bat Araian ur-jauzi batetik ateratzen dute herriko zenbait eraikin hornitzeko energia. Badaude esperientzia txikiak, komunalak, kooperatiboak martxan jarri direnak. Egia da, ez gara saltzaile onak, ez gara propaganda egile onak. Katalunian askoz hobeak dira horretan. Esperientzia guzti horietatik ikasi behar dugu eta esperientzia horiek zabaldu behar ditugu basogintzan, ur-politiketan edota elikagai subiranorasunean. Nekazal munduan astinduak eta aldaketak ari dira geratzen, txikiak, bai, baina adibideak dira. Hor daude kontsumo taldeak eta kooperatibak. Horiek sendotu behar dira, eta horiek sendotzeko ondo legoke banku publikoa izatea edota finantza munduak proiektu horren alde zeozer egitea. Hortik abiatu behar gara, hausnarketa globaletik eta praktika lokaletik.

Lehentasuna zein da?

Ezagutaraztea da lehentasuna, esatea ‘hor bide alternatibo bat egiten ari dela herri moduan lantzeko’ eta erakustea hurrengo urteetan, krisi ekonomiko eta soziala dela eta, herri moduan erantzun positiboak izateko, nolabait ondo bizitzen jarraitu ahal izateko, ezagutu behar ditugula esperientzia eta praktika horiek eta zabaldu behar ditugula, herri txikia garela kontutan hartuta. Adibidez, abiadura handiko trenak nortzuk komunikatzen ditu? Jende oso gutxi. Gure biztanleen %1 ere ez. Beste %99 horrek zer behar du garraiorako? Bada, hor daude esperientziak. Ditugun esperientzia horiek ezagutarazten eta zabaltzen jakin behar dugu, eta sareak sortu behar ditugu tokiko, eskualdeko, probintziako eta nazioarteko eragileekin bada hobeto. Horregatik aritu gara Alemanian, Danimarkan, Perun zer egiten duten ikasten. Hori da bidea.

Euskal Herrian badago hiri handi bat, Bilbo. Eta Bilbon zer?

Hiri handietan auzoetan egiten da bizitza, harreman sozialak. Eredu alternatiboak jorra daitezke auzoetan. Guk badakigu txikian gurea moldatzen. Kontsumo gaietan, garraio arloan zein auzo antolamenduan jakin behar dugu gurea defendatzen. Zorrotzaurren globalizaziotik datorren auzo ultra moderno eta ekologikoa egin nahi dute, eta auzokideek esan dute ‘gu hemen’. Hor dago aurrekari izugarria; elkarrekin biziko dira aberats berriak eta langile klaseko auzokideak. Erdigunean turismoak eragindako aldaketak ikusten ari gara, eta mendirantz doazen auzoetan indarrak ateratzen dituzte auzoak urbanizatzeko eta kirol guneak eta berde guneak atontzeko. Denda txikien eta merkatal gune handien arteko ereduak ere pultsuan ari dira. Hor badago borroka, badago eztabaidarako eta praktika berrietarako aukera. Horregatik nazioarteko topaketa hauek interesgarriak dira ikusteko munduko leku askotan gu bezala ari direla proposatzen nola erantzun eta nola jorratu bide berriak ikuspuntu feminista batetik, ikuspuntu sozialista batetik, ikuspuntu ekologista batetik eta ikuspuntu internazionalista batetik; eta horrek bere praktika izango du auzoz auzo eta herri herri. 

 

EcosocBilbo

@AlterEcoSoc

facebook.com/alterecosoc

alterecosoc.org

[2016-09-23] Egungo erronka ekosozialei alternatibak eraikitzeko hitzordua

[2016-07-13] Urgentzia ekologikoa eta larrialdi sozialari erantzuteko alternatibak eraikitzea xede