Arantza-sos.eus da atariaren helbidea eta bertan, presoen idazkiak, Zuluetaren biografia eta bere egoera salatzeko egindako zein egingo diren ekimenak agertzen dira. Bestalde, 'Ideien meategia' izeneko atalean, herritarrek ideiak eman ditzakete Zuluetak bizi duen egoera nola aldatu proposatzeko.
Webgunean azaltzen dutenez, Zulueta Puerto III espetxeko 15. moduluan aurkitzen da, "bakartze moduluan" hain zuzen ere, "isolatuta". Horretan galeria 'luzeak' eta 'laburrak' bezala ezagunak direnak daude eta Zulueta lau ziegaz osatutako 'labur' batean dago. Egunean 20 orduz ematen ditu bertan eta gainontzeko 4 orduak 6x13 metrotako zabalera eta horma altuak dituen patio batean, bera bakarrik. Era berean salatu dute, normalean bera dela modulo horretako emakume bakarra eta “oso noizbehinka” duela beste pertsona bat alboan.
1991tik euskal presoen defentsan aritu den abokatua da Zulueta. 2014ko urtarrilaren 8an atxilotu zuten EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekaritza taldearen kontra eginiko polizia operazio batean. Geroztik isolamendu egoeran dago eta 2015eko martxoan, Estremerako (Madrid) espetxetik Puerto IIIra (Cadizera) urrundu zuten eta ordutik, "bakartze egoera latzenetariko bat" jasaten ari da. Aurretiaz ere preso egondakoa da Zulueta; 2010eko apirilean euskal preso politikoen aurka egindako operazioan atzeman zuten, baina baldintzapeko askatasunean kalera atera zen. 2011ko uztailaren 14an, Grande Marlaska epaileak behin-behineko espetxe zigorra ezarri zion talde terroristako kide izatea leporatuta.